Ekonomia -

Greba hezkuntzan

Hezkuntza Sailak eta sindikatuek negoziatzen jarraitzen dute, akordio bila

Arratsaldean zehar hartu-emanak izan eta gero, gauean berriro bilduko dira. Steilasek eta CCOOk "aurrerapen txikiak" atzeman dizkiote eskaintzari; ezkorrago agertu dira LAB eta ELA.

Sindikatuetako ordezkariak, maiatzeko bost greba egunak erregistratu ondoren. Argazkia: EFE
Sindikatuetako ordezkariak, maiatzeko bost greba egunak erregistratu ondoren
Sindikatuetako ordezkariak, maiatzeko bost greba egunak erregistratu ondoren. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordubete eta erdiko bilera egin dute goizean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek eta EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan ordezkaritza duten sindikatuek (Steilas, LAB, ELA, CCOO Euskadi, Interinoak eta UGT), eta arratsaldean zehar ere hainbat hartu-eman izan dituzte. Gauean berriro bilduko dira. Batzarron azken helburua maiatzaren 12tik 16ra deituta dauden greba egunak bertan behera utzi eta gatazkari irtenbidea ematea da.

Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailak goizaldean helarazi die sindikatuei proposamen berria. Atzo aurkeztutakoa errefusatu egin zuten irakasleen ordezkariek.

Bilerara sartu aurretik, bestelako aldartea erakutsi dute Steilasek (lehen indarra kolektiboan) eta CCOOk. Haizea Arbide Steilaseko bozeramailearen hitzetan, "aurrerapen txiki batzuk" ikusi dituzte planteamendu berrian, eta "erantzukizunez" jokatuko dutela hitzeman du. Ildo beretik mintzatu da CCOO Irakaskuntzako Sonia Aldave ere. Aitortu duenez, bigarren proposamen hori "ezberdina" da.

Ifrentzuan, Aritz Villarrek (LAB) azpimarratu du Hezkuntza Sailaren proposamenak ez dituela "nahikoa berme eta eduki" euren sinadura jasotzeko. ELAko Miren Zubizarretak ere "gabezia ugari" eta "aldaketa gutxi" ikusi dizkio, aurreko proposamenekin alderatuta.

Horren ildotik, salatu dute Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzarako bakarrik proposatu duela ratioen jaitsiera, eta langileen soldata igoeraren zati bat KPIaren bilakaeraren menpe utzi dela.

Sindikatuen aldarrikapenen artean daude lan-kargak murrizteko, erretiro-baldintzak hobetzeko eta plantillak gaztetzeko neurri zehatzak adostea, bai eta galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa bermatzea eta lanpostuak egonkortzea ere, alde bakarrez erabakitzen ari diren zentro publikoen bat-egiteen eta itxieren aurrean.

Pradales, hezkuntzako grebaz: ''Asteleheneko 8ak arte akordioa posible da''
Pradales, hezkuntzako grebaz: ''Asteleheneko 8ak arte akordioa posible da''
Pradales, hezkuntzako grebaz: ''Asteleheneko 8ak arte akordioa posible da''

0:58
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas Lan gatazkak Irakasleak
OSZAR »