Ekonomia -
Osakidetza
Satse Euskadik erizainen "ezegonkortasuna eta errotazioa" amaitzeko eskatuko du astelehenean Bilbon
Erizainen kolektiboa "nazkatuta" dagoela salatu du, Osakidetzaren aldetik "etengabeko diskriminazioak" pairatzen dituztelako. Eguerdian bilduko dira Osasun Sailaren egoitza aurrean.
Agentziak | EITB Media
Satse Euskadiko erizainen sindikatuak elkarretaratzea egingo du astelehen eguerdian Bilbon, Osasun Sailaren egoitzaren aurrean, langileen ezegonkortasuna eta etengabeko txandakatzeak amaitzea eskatzeko, erizainek ez ezik, pazienteek ere pairatzen baitute, horien hitzetan, "asistentziaren kalitatearen murrizketa". Osakidetzaren aldetik "etengabeko diskriminazioak" pairatzen dituen kolektiboa "nazkatuta" dagoela esan dute.
Satsek deitoratu duenez, astelehen honetan, Erizaintzaren Nazioarteko Egunean, ez dute "ezer berririk ospatzeko", eta "euskal herritarrek merezi duten moduan zaindu" nahi dituztela aldarrikatuko dute protesta honekin.
Sindikatuak ohar baten bidez kritikatu du, Osakidetzako zuzendaritza aldatu arren, kolektiboaren eskaerak oraindik ez direla entzun, eta Osakidetzak ez diela irtenbiderik ematen. "Kontzentratzeko arrazoiak soberan ditugu, konponbideak falta zaizkigu", adierazi du Satsek, eta salatu du "hautaketa-prozesuak ebazteko moteltasuna, kontratazio negargarriak eta Osakidetzaren gelditasuna lan-ezegonkortasun larria" eragiten ari direla, eta, ondorioz, herritarrek lprofesionalen txandakatze etengabea jasaten ari direla.
"Euskal Osasun Zerbitzuan lanpostu-koderik gabeko aldi baterako 700 lanpostu inguru" zenbatuta dituela gogorarazi du Satsek, eta "onartezin" jo du egoera.
Sindikatuaren aburuz, Osakidetzak "hautaketa-prozesuen aitzakia jartzen du, baina errealitatea da lanpostu horiek funtsezkoak direla eta egonkortu egin behar direla, prekarietatearekin eta ezegonkortasunarekin amaitzeko".
Profesional askok eta askok "lanpostua etengabe aldatu" behar izaten dutela salatu dute, eta askotan ezin izaten diotela pazienteari nahi luketen jarraipena egin, "ez eta gure gaitasun profesionalak erabat garatu ere". Horren aurrean, "herritarrek lantalde egonkorrak eta kohesionatuak merezi dituzte, arreta ahalik eta onena eta osasun-planen garapen eraginkorra bermatzeko", erantsi dute.
Era berean, "Osakidetzak erizainekiko duen errekonozimendu falta eta etengabeko diskriminazioa" kritikatu ditu, "garapen profesionala oztopatzeaz gain, herritarrek merezi duten gisan lan egitea eragozten dien kristalezko sabaia ezartzen baitzaie" horien bitartez.
"Datozen urteetan erronka handiak datoz, batez ere gaixotasunak kronifikatzearekin, patologia anitzekin eta mendekotasunekin zerikusia dutenak, eta horietan funtsezko dira zainketak, erizainek gidatu behar dituztenak", Satseren arabera.
Azkenik, erizainen sindikatuak ohartarazi du, "osasun-sisteman funtsezko" diren heinean, euren gaitasunak "mugarik eta oztoporik gabe" garatu nahi dituztela "lan-ingurune seguruetan eta lan-baldintza duinetan, pertsona guztien osasuna babesteko eskubidea bermatzeko".