Ekonomia -

Metaletan inbertitzen

Urrean eta zilarrean inbertitzea, aurrezkiak gordetzeko modu seguru bat

Urrean eta zilarrean inbertitzea norberaren ondarea eta aurrezkiak ziurtatzeko modu bat da. Azken hilabeteetan asko igo da horien balioa, ezegonkortasun ekonomikoak eraginda, eskaria handitu egin delako.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Historian zehar, ezegonkortasun eta ziurgabetasun garaiak izan direnean, hala nola gerra garaietan, krisialdi ekonomikoetan, txanponen debaluazioak izan direnean eta abar, aurrezkiak babesteko eta diru-etekinak ateratzeko beste bide batzuk bilatu izan dituzte inbertsoreek. Horietako bat metal preziatuak erostea izan ohi da, batik bat urrea eta zilarra.

Hori bera gertatu da urtearen lehen laurden honetan AEBko presidente Donald Trumpek muga-zergak iragarri zituenetik. Sektore honetan aritzen den Bilboko Dinoro etxeko zuzendari Iñigo Arriagaren aburuz, Asiako inbertsiogileak, ondasun handiak dituztenak eta herrialdeetako banku zentralak "ero moduan" ari dira urrea erosten. Mendebaldeko inbertsiogile txikiak, berriz, geldirik daude: "Prezioa igo izanak moteldu ditu hemengo bezeroen mugimenduak".

Hain zuzen ere, urrea eta zilarra dira metal preziatuen artean inbertsio gisa gehien erabiltzen direnak. Balio ziurtzat jotzen dira mendeetan zehar trukerako txanpon gisa, diru gisa, erabili izan direlako mundu osoan. Platino edota paladio lingote eta txanponak ere eskaintzen dituzte merkatuan, baina "ez dira inoiz diru gisa erabili eta ez dira aurrezkien gordailu bezala egokienak".

Zilarra eta urrea alderatuta, bigarrena da aktiborik ziurrena. Zilarrak erabilera handia du industrian, eta, ondorioz, balioak gorabehera handiak izaten ditu merkatuetan. Urrearen mugimenduak lasaiagoak izan ohi dira, eta inflazioaren ondorioz ohiko diruak erosahalmena galtzen du, baina urreak mantendu egin ohi du. Hori dela eta, epe jakin batean geldirik izango diren aurrezkiak babesteko modurik egokiena dela uste dute inbertitzaile askok.

Azken hilabeteetan goia jota dabiltza bai urrea bai zilarra. 2024an % 27 inguru hazi zen urrearen balioa; troy ontzako (metalen merkatuan erabiltzen den neurria, 31,103 gramoren baliokidea) 2.600 euro baino gehiago ordaindu zen urte amaieran. 2025eko apirilean, berriz, muga-zergen aferak sortutako ziurgabetasuna dela medio, marka historikoak hautsi ditu, eta 3.000 euroraino iritsi da. Une honetan, 2.800 €-ren bueltan dabil.

Zilarra merkeagoa da eta gorabehera handiagoak izaten ditu merkatuetan. Hala ere, 2024an % 45 handitu zen horren balioa (urte amaieran 28 euroan aldatzen zen ontza bakoitza). 2025ean, ostera, pixka bat gorago ibiliko dela espero da. Gaur-gaurkoz, 28 euroren bueltan dabil ontza bakoitza, nahiz eta martxoan 32 eurora iritsi zen. Aditu batzuen ustez, ordea, hurrengo urteetan errentagarritasun handiagoa izan dezake, material urria delako eta industrian asko beharko delako.

Epe luzerako

Epe motzean etekinak izan nahi dituenarentzat, metal preziatuetan inbertitzea ez da aukera ona, Arriagaren arabera. Horren ustez, behar ez dugun diru kopurua, bankuan geldirik daukaguna, da urrean edo zilarrean inbertitu beharko litzatekeena; izan ere, "bankuan geldirik, euro horiek erosahalmena galduko dute; urreak, aldiz, ez".

Urrearen beste abantailetako bat zergarik ordaindu beharrik eza da. Europar Batasuneko direktiba baten ondorioz, ez dauka BEZik. Urrearen prezioari, hori (lingotea edo txanpona) egiteko kostua eta saltzailearen irabazia soilik gehituko zaizkio.

Zilarraren kasua ezberdina da. Industrian asko erabiltzen da (% 50-55 inguru) eta % 21eko BEZa ordaindu behar izaten da.

Horrez gainera, metal hauek ez daukate kontrapartida arriskurik; alegia, ondasuna bera fisikoki daukagu eskuetan eta ez dugu hirugarren agente baten (finantza erakunde bat, adibidez) mende egon behar.

Baina dena ez da positiboa, eta desabantailak bilatzen hasita, segurtasuna izan daiteke horietako bat. Ondasun fisikoa izanda, nonbaiten gorde behar izaten da modu seguruan. Etxean gordetzen ausartzen ez diren horiei gordailu zerbitzua eskaintzen diete denda askok.

Nola inbertitu?

Bilboko Dinoro dendetan, esaterako, urre eta zilar lingoteak eta txanponak saldu eta erosten dituzte. Arriagaren hitzetan, lingotea edo txanpona erostea ez da erabaki ekonomikoa, gustu kontua baizik; metalaren purutasuna (9999 da altuena) eta pisua dira produktu horren balioa erabakiko dutenak.

Adituaren ustez, egokiena neurri ezberdinetakoak erostea izaten da: "Pisu handia daukatenek fabrikazio kostu txikiagoa izaten dute eta errentagarriagoak dira, baina pisu txikikoek malgutasuna ematen dute saltzeko garaian. Egin daitekeen akatsik handiena ondasun guztia pieza bakarrean inbertitzea da, saltzea egokitzen bada, pieza osoa saldu beharko dugulako".

Lingoteak neurri ezberdinetakoak izaten dira: kilokoak, 100 gramokoak, troy ontza batekoak (31,103 gr), 10 gramokoak…

Horrez gainera, txanponak ere eros daitezke, bullion deiturikoak. Herrialde ezberdinetako diruaren etxeek inbertsiorako sortzen dituzten txanponak izan ohi dira. "Bezero askok politagoak direlako nahi izaten dituzte", Arriagaren esanetan. Ezagunenak Australiako "kangurua", Txinako "panda", Erresuma Batuko "brittania", Kanadako "astigar-hostoa" edota Hegoafrikako "Krugerrand".

Espainiako diruaren etxeak animalia ezberdinen irudiak erabili izan ditu, hala nola katamotz iberiarra, zezena edota zaldia. 2025ean, berriz, eguzki-arranoa aukeratu du.

Kasu batzuetan, inbertitzaileez gain, bildumazaleak ere erakartzen dituzte txanpon horiek.

Uxoa Larrañaga Iribarrek 5 urte daramatza urrea eta zilarra erosten eta saltzen. Zilarrezko txanpon batzuk erosten hasi zen, ondoren urrearekin probatu zuen eta orain, ohitura bilakatuta, aldian-aldian gramo batzuk erosten ditu.

''Helburua familiaren ondarea babestu eta aurrezkiek baliorik ez galtzea da''
''Helburua familiaren ondarea babestu eta aurrezkiek baliorik ez galtzea da''
''Helburua familiaren ondarea babestu eta aurrezkiek baliorik ez galtzea da''

2:08
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak
OSZAR »