Ekonomia -
ENPLEGUA ETA DEMOGRAFIA
EAEk langile falta izango du 2036an: gutxienez 20.000 langile behar izango dira
Laboral Kutxak ikerketa egin du, eta proposatu du langile nagusien laneratzea sustatzea, pertsona migratzaileak erakartzea eta lanbiderako prestakuntza eguneratzea.
EITB Media
"Probabilitate handia" dago 2036. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan langile nahikorik ez izateko, eta gabezia hori 20.000 eta 170.000 bitartekoa izan daiteke.
Hori da asteazken honetan Laboral Kutxak Bilbon aurkeztu duen "Enplegua eta Trantsizio Demografikoa EAEn eta Nafarroan: 2036ko horizontea" azterlanaren ondorio nagusienetako bat.
Azterlanak bi ardatz ditu, bi galdera —zenbat pertsona egongo diren lanerako prest eta zenbat enplegu egongo diren— alegia, eta horietatik tiraka proiekzio ariketa bat egin dute.
Hortik abiatuta bederatzi egoera posible aztertu dituzte, positiboak eta ez hain positiboak. Bederatzi egoera horietako zazpitan langileak faltako direla aurreikusten da. Azterlanean aurreikusitako egoera onenean ere —% 78ko enplegu-tasa eta azken hamarkadako lanpostu sorrera— ez dira lanpostu guztiak betetzen. Are gehiago, oreka positiboa lortzen da soilik hiru aldagai hauek uztartuz gero: 65 eta 69 urte bitarteko langileen proportzio bat, lanpostu sorrera bertsua eta % 78ko enplegu tasa. "Gainera, emakumeen partaidetza (lan munduan) handiagoa izango litzateke; eta migrazio-saldoa, positiboa", gaineratu dute.
Testuinguru horretan, proposatu dute hiru norabidetan esku hartzea: langile seniorrek lanean jarrai dezaten bultzatzea, migrazioa erakarri eta mantentzea, eta lanbide prestakuntza eguneratzeko programak azkartzea. Halaber, adierazi dute balitekeela enplegu-eskaeraren zati bat produktibitatearen igoerarekin betetzea.
Azkenik, azterlanak ondorioztatu du aurrerantzean enplegu eta langile kopuruaren arteko ekuazioa ez dela soilik zikloko ekonomikoaren bidez ebatziko, eta demografiari, hezkuntzari eta migrazioari lotutako aldagaiak kontuan hartu beharko direla.