Gizartea -
Itzalaldia
Aramaiok iskin egin zion itzalaldiari, argindar sistema propioa baitu
Arabako herriak udal argindar banatzaile propioa du, eta ez du sare nagusiaren beharrik. Astelehenean, 20 bat minutuz egon ziren argindar barik. Tarte hori behar izan zuen udal teknikari batek sorgailu propioa pizteko. Gailuak hainbat egunetarako edo astetarako autonomia du.
EITB Media
Uhartea bailitzan, Aramaiok (Araba) bere argindar sistema propioari esker asteleheneko itzalaldi masiboaren ondorioak saihestu zituen. Hego Euskal Herriko gainerako herrietan ez bezala, argindar etena 20 bat minutukoa izan zen Arabako udalerrian; tarte labur hori behar izan baitzuten udaleko langileek euren "B plana" martxan jartzeko.
2022tik Aramaioko herria ez dago argindar enpresa handien menpe, tokiko enpresa publikoa baitu hornidura bermatzeko: Aramaioko Argindar Banatzailea. Udal konpainia hori arduratzen da argindarra sortzeaz eta herrian banatzeaz, eta linea elektrikoa udalarena da.
Argindar etena dagoenetan (astelehenean jazo zena), minutu batzuk baino ez dituzte behar gasolio bidez funtzionatzen duen sorgailua martxan jartzeko. Argindarra hainbat egunez edo astez hornitzeko gai da gailua. Normalean, modu telematikoan aktibatzen dute, baina astelehenean telekomunikazioek ere kale egin zutenez, eskuz jarri behar izan zuten martxan. Udal teknikari bat bertaratu behar izan zen sare nagusiarekin lotura egiten duen etxolara, hura deskonektatu eta sorgailua martxan jartzeko.
Aramaioko Argindar Banatzailea ez da EAEn dagoen udal argindar-enpresa bakarra. Gipuzkoan, Tolosaldean, Tolargi konpainia dago, 6.000 bat punturi hornidura ematen diena. Oñatin, Oñargi enpresa dute.