Gizartea -
MAIATZAREN 1ETIK AURRERA
Espainiak bertan behera utziko du haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako haurrak zuzenean erregistratzeko aukera
Ostegun honetan Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Justizia Ministerioak onartutako instrukzioa, eta aurrerantzean filiazio biologiko eta adopzio kasuetan soilik egin ahal izango da erregistroa.
AGENTZIAK | EITB Media
Haurdunaldi subrogatu bidez atzerrian jaiotako haurrak ezingo dira zuzenean Espainiako erregistro zibilean erregistratu. Orain arte posible bazen ere, aurrerantzean, filiazio biologiko eta adopzio kasuetan soilik egin ahal izango da.
Justizia Ministerioak onartutako instrukzioa ostegun honetan argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta, beraz, bertan behera utziko du haurdunaldi subrogatu bidez atzerrian jaiotako haurrak zuzenean erregistratzeko aukera.
Espainian 2006an debekatu zen haurdunaldi subrogatua. Hala ere, askok atzerrira jo izan dute, eta, atzerriko epaile baten bermearekin, eta adin txikikoaren interesei lehentasuna emanda, Espainian erregistratu izan dituzte.
Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, iaz, haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako 154 haur inskribatu ziren Erregistro Zibilean, atzerriko ebazpen judizialen bermearekin.
Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministeriak zehaztu duenez, instrukzio horren bitartez Espainiako ordenamendu juridikoa Auzitegi Gorenak 2024an emandako epaira egokituko da. Aipaturiko sententziak baliogabe utzi zuen haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako haurren baten filiazio-kontratua, nahiz eta AEBko epaitegien onespena izan.
Aipaturiko Ministerioaren arabera, erabaki horren bidez, Espainiako herritarrek debekuari iskin egiteari eta atzerrira jotzeari utz diezaiotela lortu nahi du.