Gizartea -
Simulakroa
Sirena hotsek balizko ihes toxikoez ohartaraziko dituzte Muskiz, Abanto, Zierbena eta Santurtziko bizilagunak
SEVESO araudiak erregulatzen dituen enpresa kimikoen segurtasuna bermatze aldera urtero egin ohi dituzten simulakroetako bat da astelehen honetakoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek simulakroa egingo dute astelehen honetan, eta Muskizen, Abanton, Zierbenan eta Santurtzin abisu akustikoak aktibatuko dituzte, Petronor eta Tepsa enpresen eta Bilboko Portuaren inguruan bizi diren herritarrak balizko ihes toxikoez ohartarazteko.
Petronorrek jakinarazi duenez, Muskizen eta Abanton 10:00etan entzungo dira sirena hotsak; Santurtzin eta Zierbenan, 11:00etan, eta Luzueroko puntan eta Zierbenan 11:30ean aktibatuko dituzte.
SEVESO araudiak erregulatzen dituen enpresa kimikoen segurtasuna bermatze aldera urtero egin ohi dituzten simulakroetako bat da biharkoa.
Horrekin, segurtasun maila gorena bermatu nahi dute, balizko gorabehera kimikoen aurrean.
Aipatu udalerrietako bizilagunek larrialdi abisuen soinuak ezagutzea ere dute helburu. Gainera, simulakroei esker jakingo dute Petronor eta Tepsa enpresetako eta Bilboko Portuko sirenek funtzionatzen duten ala ez.