Gizartea -

ERIZAINEN NAZIOARTEKO EGUNA

Osakidetzako erizainek 450.000 prozesu arin artatu zituzten 2024an, 2019an baino sei aldiz gehiago

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erizainek osasun sistema publikoan duten zeregina aintzatetsi nahi izan dute, bereziki Lehen Arretan, patologien % 80 bertan konpontzen baitira.

Osakidetzako erizain bat Lehen Arretako kontsulta batean. Artxiboko argazkia: Irekia
Osakidetzako erizain bat Lehen Arretako kontsulta batean
Osakidetzako erizain bat Lehen Arretako kontsulta batean. Artxiboko argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako Erizaintzako profesionalek 450.000 prozesu arin (katarroak, eztarriko minak, goragaleak eta gorakoak, besteak beste) artatu zituzten 2024an, 2019an baino sei aldiz gehiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Erizainen Mundu Egunarekin bat eginez astelehen honetan zabaldutako datuen arabera.

Osasun Sailak eta Osakidetzak erizainek osasun sistema publikoan duten zeregina aintzatetsi nahi izan dute, bereziki "Lehen Arretan, patologien % 80 bertan konpontzen baitira".

2019an Osakidetzak eredu berri bat jarri zuen abian Lehen Arretan, arreta hobetzeko eta kontsultara joateko itxaronaldiak murrizteko. Eredu berri horren zutabeetako bat erizainaren rola indartzea da, hain zuzen ere. 

"Eredua ezarri arte familiako medikuntzako kontsultetan artatzen ziren prozesu arinak erizaintzako profesionalek ebazten dituzte orain, talde-lanean", Osasun Sailaren eta Osakidetzaren oharraren arabera.

"Gaur egun, kontsultara joateko batez besteko itxaronaldia 48 ordu baino gutxiagokoa da, baina kasurik premiazkoenak egunean bertan artatzen dira", gehitu dute.

Edonola ere, erizainek osasun etxeetan duten rola ez da mugatzen prozesu arinak artatzera. Horiez gain, gaixo kronikoen arretaz, txertaketaz edo sendaketez arduratzen dira. Halaber, zenbait medikamentu agindu ditzakete; ibuprofenoa, adibidez.

Bestalde, herritarrak osasunaren sustapenean heztea da erizainek duten beste funtzio garrantzitsuetako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Erizainak azken ordukoa Anbulatorioak albisteak
OSZAR »