Gizartea -
Europa Ligako finala
Finalak eragindako prezioen igoera kritikatu du Arrizabalagak: "Gizarteari ez dio batere mesederik egiten"
Bilboko Udalak herritarrei eskatu die egonarriz hartu ditzaten datozen egunetako mugikortasun mugak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaile Leixuri Arrizabalagak gogor kritikatu ditu San Mamesen jokatuko den UEFA Europa Leagueko finala prezioak igotzeko baliatu nahi dutenak, "gure gizarteari mesede eskasa egiten" diotela esanez.
Foru Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arrizabalagak esan du horrelako ekitaldiak "epe luzerako inbertsioa" direla, herritar guztientzat onuragarriak, eta ohartarazi du etekin ekonomikoa atera nahi izanez gero kalte egin dakiokeela lurraldearen kanpoko irudiari. "Bilbo eta Bizkaia konfiantzazko nazioarteko helmugak izan behar dira", adierazi du.
Era berean, azaldu du dagoeneko lanean ari direla hainbat erakunde eta eragilerekin, ekitaldian zehar segurtasun protokolo bat ezartzeko, eta dena normaltasunez joan dadin espero dutela.
Bilboko Udalak, bere aldetik, pazientzia eskatu die hiriko bizilagunei, San Mamesen Machester United eta Tottenham Hotspur taldeek jokatuko duten Europa Leagueko finala dela eta, mugikortasun eta aparkaleku mugak izango direlako.