Gizartea -
LGTBI+
Martxan da 'LGTBI+ Points Sarea', LGTBI+ kolektiboko kideentzako 450 puntu seguruko sarea
Sareak "LGBTI+ pertsonentzako ingurune seguruak, errespetuzkoak eta solidarioak" eskaini nahi ditu, arreta berezia jarriz trans pertsonen babesari. Gune horiek bereizgarri baten bidez identifikatu ahal izango dira, eta bultzatzaileek sarera atxikitzeko deia egiten diete interesa duten erakundeei.
EITB Media
Ortzadar LGTB elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 'LGTBI+ Points Sarea' jarri du martxan, LGTBI+ kolektiboko kideentzako puntu seguruen lehenengo sarea. EAEko kaleetan 450 puntu seguru dituela jarri da martxan sare hau, eta erakunde politikoak, udalak, garraiobideak, enpresak eta dendak izan dira batzen lehenak.
Sareak "LGBTI+ pertsonentzako ingurune seguruak, errespetuzkoak eta solidarioak" eskaini nahi ditu, arreta berezia jarriz trans pertsonen babesari, Ortzadar elkarteko ordezkariek ostiral honetan egindako agerraldian azaldu dutenez. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua ere izan da bertan.
Nagore Espin Ortzadar LGTB elkarteko presidenteak sare honen beharra azpimarratu du: "Gure kaleak eta hiriak seguruak direla uste dugun arren, LGTB kolektiboa da salaketa gehien aurkezten duen bigarren kolektiboa". Espinek berak gogorarazi duenez, hain zuzen ere bihar ospatzen da LGTBIfobiaren kontrako Eguna.
Bestalde, Melgosa sailburuak "Euskadik aniztasunarekin duen konpromiso irmoa" nabarmendu, eta azaldu duenez, puntu seguruen sareak, "babesteaz gain, ikusgarritasuna ematen du eta hezi egiten du. Puntu hauek modu argian seinaleztatuta daude, edozein pertsonak jakin dezan bertan entzun eta errespetatu egingo dutela, eta, batez ere, ez dela bakarrik sentituko".
Sarera atxikitako espazioek bereizgarri sinboliko bat eta eranskailuak jaso dituzte edo jasoko dituzte laster, puntuak erraz identifika daitezen.
Gainera, Ertzaintzarekin adostutako jarraibide argiak jaso dituzte, eraso-egoera baten edo laguntza-eskaera baten aurrean nola jardun jakiteko. Funtsean, halako kasuetan, lasai egotea, biktimaren kontakizuna zalantzan ez jartzea eta haren erabakiak errespetatzea da gomendioa. Gainera, jarraibide praktikoak ematen dira kaltetuei nola lagundu azaltzeko eta, behar izanez gero, senideekin, larrialdi-zerbitzuekin edo erakunde-baliabideekin harremanetan jartzeko.
OrtzadarLGTBren webgunean dago puntuen inguruko informazioa, kontsulta egiten den tokitik gertuen daudenak bilatu ahal izateko, bai eta espazio horien ordutegiak ere. Edozein erakundek, elkartek edo komertziok bat egin dezake sarearekin, bereizgarria lortu eta kolektiboari babesa erakusteko, eta Ortzadar LGTB elkarteko kideek horretarako deia egin diete horretan interesa duten guztiei.
Aratz Castro Ortzadar LGTB elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, sarera atxikitzeko prozesua erraza eta doakoa da. Interesa duten erakundeek oinarrizko printzipio batzuk betetzeko konpromisoa baino ez dute hartu behar: errespetuzko guneak sortzea, trans identitatea eta bereziki trans emakumeena errespetatzea, puntu seguruaren ikusgaitasuna sustatzea eta langileei oinarrizko formakuntza ematea behar izanez gero nola jardun jakiteko. "Konpromisoak sinpleak dira, baina kolektiboarentzat oso erabilgarriak", nabarmendu du Castrok.