Gizartea -
47. Ibilaldia
Ibilaldi eguzkitsu batez gozatu dute milaka lagunek Galdakaon, euskaratik eta euskararen alde
Eguzkibegi Ikastolak 4 kilometro baino gehiagoko ibilbidea prestatu du, hiru gune nagusitan antolatuta. Datorren urtean Bilbon ospatuko da Ibilaldia, Kirikiño ikastolak antolatuta.
EITB MEDIA
Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ospatu dute igande honetan Galdakaon. 47. edizioak 4 kilometro baino gehiagoko ibilbidea izan du, hiru eremutan banatuta, mendiaren eta plazen artean.
Aurten, Eguzkibegi ikastola izan da antolatzailea. 2009ko edizioaren ostean, errepikatu egin du, Magaletik herrire, euskera erdire lelopean, eta datorren urteko ekitaldiaren lekukoa pasatu dio jada Bilboko Kirikiño ikastolari. 2026ko maiatzaren 31n izango da hurrengo Ibilaldia.
Irekiera ekitaldian, Eguzkibegi ikastolako ordezkariek eta Ikastolen Elkarteko kideek hartu dute hitza, eta bertan izan da Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua ere. Bere hitzartzean, ikasturte osoan auzolanean aritu den Eguzkibegi Ikastolako hezkuntza komunitate osoa zoriondu du, eta Ibilaldia urte osoan zehar landu dituzten balioen isla eta emaitza dela esan du, eta hauek azpimarratu: "euskara eta euskal kultura, ikasleen ongizate emozionala, hezkuntza eraldatzaile eta kooperatiboa, herritartasuna eta inklusioa".
Ikastolen eta hezkuntza sistema osoaren erronkak aldatu egin direla aipatu du. "Gure lurraldera datozenen harrera eta hezkuntza prozesuetan arreta jartzeak eraman gaitu orain arte genituen egiteko moduak birpentsatzera, eta erronka handiak ditugu", azaldu du sailburuak, eta "guztiok elkarrekin ekin" beharra dagoela gaineratu. "Euskararen erronka zahar eta berriei elkarrekin ekiteko unea da, momentu kritiko eta historikoa, eta anbizio handiko proiektu berriak martxan jartzeko aukera daukagu. Lidergoarekin, erantzukidetasunarekin, afekzio berriekin eta konpromisoarekin, aurrerapausoak emateko aukera".
Hiru gunetan izan dira ekintzak:
Magalak, ikastolan bertan, dantzak, erromeria eta kontzertuak hartu ditu; Estitxu Roblesenak eta DJ Bullenak, besteak beste.
Ikuspegi komunitarioa izan duen Zuloaga plazan, haurrentzako ikuskizunak, emakumeen kirola eta Kai Nakairen musika izan dira.
Hirugarren gunean, mendiaren ondoan, herri-kirolak, magia eta Olloki eta Oxabiren emanaldiak egon dira.
EITBko Makusik ere izan du tarterik, publiko gaztearentzat, eta Galdakao eta Baionako ikasleen arteko lagunarteko lehia ere egin da.
Glutenik gabeko aukerak eskaini dira gune guztietan, eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, nahiz eta aparkalekuak jarri dituzten.