Gizartea -
KANADA
Digitalizazioa kultur aniztasunerako tresna dela azpimarratu du Jaurlaritzak Quebecen
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak adierazi duenez, "Interneten ez dagoena, ez da existitzen belaunaldi berrientzat".
agentziak | eitb media
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hezkuntza Politikako sailburuak, Quebecen, munduko kultura ministroen aurrean adierazi duenez, digitalizazioa "kultura aniztasunak adierazpide berriak aurkitzeko aukera" da.
Bengoetxea Frankofoniaren Nazioarteko Biltzarrean parte hartzen ari da hiri kanadiarrean, mundu osoko 93 herrialdeen pare, gonbidatu gisa.
Etxepare Institutuak abian jarritako "Ça colle au basque" proiektuaren baitan kokatzen da bisita hori, Eusko Jaurlaritzak frantsesez hitz egiten duten herrialdeekin kulturaren arloan harremanak ezartzeko duen interesak bultzatuta.
Kongresuaren lehenengo mahai-inguruan aro digitalean kultur aniztasunak duen tokiaz hitz egin dute, eta lehendakariordeak EAEko kultur eredua azaldu du, Eusko Jaurlaritzak euskara eta euskal kultura eremu digitalean indartzearen alde egin duela azpimarratuz.
Bere esanetan, "Interneten ez dagoena, ez da existitzen belaunaldi berrientzat".
Komunikabideei errealitate digitalera egokitzen laguntzeko baliabideak ematea defendatu du sailburuak: "Frogatuta dago herritarrengandik gertu dagoen komunikabideen ekosistema funtsezkoa dela gizarte informatuago, espiritu kritikoago eta balio demokratikoetan oinarritutako batentzat".
Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeak (OIF) biltzar bat antolatzen du bi urtean behin, kultura politiken arloko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, eta mundu osoko herrialdeek parte hartzen dute bertan, Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez.