Gizartea -
Genozidioa Gazan
Gernika-Palestinak Israel isolatzeko neurri zehatzak hartzeko eskatu die EAEko eta Nafarroako gobernuei
Herritarrei dei egin diete ekainaren 1ean 12:00etan Donostiako Alderdi Eder lorategietan egingo den performancean parta hartzera palestinar herriari babesa emateko.
EITB MEDIA
Gernika-Palestina herri ekimenak, larunbat eguerdian Donostian egin duen presazko agerraldi batean, Euskadiko eta Nafarroako Gobernuei eskatu die bertan behera utz dezatela "Israelen ekoitzitako ondasun eta zerbitzu ororen inportazioa", eta dei egin diete "gizarte zibilari, ehun ekonomikoari, erakundeei eta eragileei gogoeta egin dezaten euren posizioaren eta ekarpenaren inguruan".
Babes zabala jaso du ekimenak gaur, manifestua babestu dute hainbat alderdi politikok (EH Bildu, PSE-EE, Ezker Anitza-IU, Sumar Mugimendua, Podemos, EH Bai eta Geroa Bai), hainbat sindikatuk (LAB, CCOO-Euskadi, CCOO-Nafarroa, Etxalde, Steilas, Hiru, Solidari eta UGT-Euskadi) eta eragile sozial ugarik (Gure Haurrak ere Badira, Gernika Memoriaren Lekuko, Artistak Genozidioaren Aurka, Kulturatik, Bilgune Feminista, EHPM-MPEH Pentsionistak, Gerrarik ez! eta Ernai).
Gernika-Palestinak azaldu duenez, larunbat honetako "premiazko" agerraldiaren helburua "neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatzea izan da, bonbardaketak areagotzeak eta laguntza humanitarioa blokeatzeak Gazan eragin duen infernuarekin amaitzeko".
"Euskal Herriak behin eta berriz eskatu du, genozidioa amaitzeko eta palestinarrei beren Estatua bermatzeko, gatazka konpontzeko bitarteko gisa", gogorarazi dute. Horrez gain, hainbat neurri "zehatz eta eraginkor" proposatu dituzte, batez ere "Israel isolatzea eta larrialdi humanitarioari aurre egiteko nazioarteko babesa duen konboi humanitario diplomatiko bat martxan jartzea" xede hartuta.
Halaber, "Israelekin harreman ekonomiko eta militar oro" etetearen beharra azpimarratu dute, bai eta "genozidioaren arduradunen kontrako zigorrak" eskatu beharra ere.
Azpimarratu dutenez, bai ekimenaren, bai ekimena babesten duten eragileen ustez Nafarroako eta Euskadiko Gobernuek "neurri eraginkorrak hartu behar dituzte Israelen ekoitzitako ondasun eta zerbitzu ororen inportazioa eteteko, "Palestinako lurralde okupatuetan dauden legez kanpoko asentamenduetan ekoitzitakoak barne".
Ildo horretan, genozidioarekin amaitzeko ekimen politiko eta diplomatikoak bultzatzeko eskatu diete erakundeei, eta "genozidioaren inguruan diharduten enpresa guztiekin harremanak hausteko" deia egin diete erakundeei eta eragile ekonomikoei.
Era berean, "Israel NBEko Batzar Nagusitik kanporatzea" galdegin du "giza eskubideei buruzko legeak eta betebeharrak betetzen dituen arte", eta Israelen okupazioa babesten duten pertsonak eta erakundeak zigortzeko eskatu dute.
NBEren eremutik atera gabe, 'apartheid'-aren aurkako NBEren Batzorde Berezia berrezartzea ere eskatu dute, horrek, euren ikuspuntutik, "nazioarteko komunitateari ahalmena emango bailioke Israelgo apartheid-aren antzeko praktikak ikertzeko, dokumentatzeko eta jorratzeko", palestinarrei egindakoaren inguruko kontuak eman behar izateko.
Udaletxearen aurrean egindako ekitaldian, bozeramaileek Israel Nazio Batuetatik kanporatzeko eskatu diete erakundeei, eta genozidioa ez normalizatzeko eskatu dute.
Agerraldian, Gernika-Palestinak dei egin die herritar guztiei datorren ekainaren 1ean Gipuzkoako hiriburuan egingo duten performancean parte hartzera. 12:00etarako egin dute hitzordua Alderdi Ederren (Donostia), eta ekimenaren helburu nagusia da palestinar herriari babesa ematea.