Mundua -

Adimen artifiziala

AEBk eta Erresuma Batuak ez dute sinatu adimen artifizialari buruzko Parisko goi-bileraren adierazpena

Teknologia horren aplikazioa irekia eta etikoa izatea eskatzen du adierazpenak. Guztira 60 estatuk eta estatuz gaindiko erakundek egin dute bat adierazpenarekin. Sinatzaileen artean daude Europar Batasunaren 27 estatuak, Txina, India, Japonia, Australia, Kanada, Brasil, Txile eta Vatikanoa.

Nazioarteko buruzagiak adimen artifizialari buruzko Parisko goi-bileran. Argazkia: EFE
Nazioarteko buruzagiak adimen artifizialari buruzko Parisko goi-bileran. Argazkia: EFE
Nazioarteko buruzagiak adimen artifizialari buruzko Parisko goi-bileran. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak ez dute sinatu adimen artifizialari (AA) buruz Parisko goi-bilerak egindako adierazpena, teknologia horren aplikazioa irekia eta etikoa izatea eskatzekoa.

Guztira, 60 estatuk eta estatuz gaindiko erakundek, hala nola Europar Batasunak (EB), egin dute bat adierazpenarekin, eta, horren arabera, "AA guztiontzat irekia, inklusiboa, gardena eta etikoa izatea zaintzea" lehentasun nagusietako bat izan behar da.

AAren eskuragarritasuna hobetzea arrakala digitala murrizteko, sektore horretan merkatua esku gutxi batzuen menpe ez geratzea, eta nazioarteko gobernantzaren lankidetza eta koordinazioa sustatzea dira adierazpenean aipatutako beste lehentasun batzuk.

Sinatzaileen artean Europar Batasuneko 27 estatuak (baita EB bera ere), Txina, India, Japonia, Australia, Kanada, Brasil, Txile eta Vatikanoa daude.

Adierazpenak onartzen du "beharrezkoa" dela AA teknologiak lan-merkatuan dituen ondorioei buruz hausnarketa egitea eta horren nazioarteko gobernantzan "elkarrizketa inklusiboa" ezartzea.

Halaber, adimen artifizialari "konfiantzaz eta segurtasunez" begiratu behar zaiola dio adierazpenak, teknologia horri "etekin guztia atera ahal izateko".

Lehentxeago, JD Vance AEBko presidenteordeak argi utzi du Trumpen Gobernua ez dagoela ados araudian eta teknologiaren gobernantza globalean oinarritutako ikuspegiarekin. Adimen artifizialaren "gehiegizko arauketak hazkunde betean dagoen sektore bat akatu lezake", eta "inplikazio iraultzaileak" ditu.

Zehazki, Europar Batasuneko Zerbitzu Digitalen Araudia kritikatu du Vancek, "erabiltzaileek zer pentsatzen duten kontrolatzeko zentsura" izan daitezkeen neurrien adibide gisa.

Erresuma Batuari dagokionez, Keir Starmer lehen ministroak ez du goi-bileran parte hartu, eta bere Gobernuak maila apalagoko ordezkaritza izan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Txina Erresuma Batua Japonia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak India Brasil Txile Australia Kanada Inteligentzia artifiziala
OSZAR »