Mundua -
KONKLABEA
Aita santua aukeratzeko bozketa, urratsez urrats
Ia seguru hainbat bozketa egongo dira Frantziskoren ondorengoa zein izango den erabakitzeko. Konklabeak irauten duen bitartean, egunean bitan aterako da kea Kapera Sistinoko tximiniatik, goizean eta arratsaldean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hasi da konklaberako atzera kontaketa. Gaur arratsaldetik aurrera, aita santua aukeratzeko ardura duten 133 kardinalak Vatikanoan erabat isolatuta egongo dira, harik eta Frantziskoren ondorengoa nor izango den erabakitzen duten arte. Gehiengo kualifikatua beharko da horretarako, hau da, gutxienez 89 boto (bi heren).
10:00etan 'Pro eligendo Pontifice' meza solemnean elkartuko dira kardinal guztiak. Kardinalen kolegioaren deanak zuzenduko du eukaristia, eta homilian kideei Kapera Sistinora joateko gonbita egingo die: "Eliza osoak, otoitzean gurekin bat eginda, Espiritu Santuaren grazia aldarrikatzen du etengabe, guk Kristoren artalde osoaren artzain duina hauta dezagun".
Ondoren, 16:30ean, kardinalak Kapera Paulinoan egingo dute azken errezoa, Kapera Sistinorako bidea hartu aurretik. Bertara iritsitakoan, 'Veni, Creator Spiritus' abestu eta zin egingo dute. Lehen egun horretan bozketa bakarra egingo da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta amaitzean, konklabe honetako lehen fumata izango da.
Bozketa horretan gehiengo nahikorik lortzen ez bada, maiatzaren 8tik aurrera, konklabeak irauten duen bitartean, lau bozketa egingo dituzte kardinalek (bi goizean eta bi arratsaldean) eta egunean bitan aterako da kea Kapera Sistinoko tximiniatik, goizean eta arratsaldean.
Ia segurutzat ematen da bozketa bat baino gehiago egongo direla. Hiru egun igarota ez badute aita santua aukeratu, etenaldia egingo dute, egun batekoa, gehienez. Errezatzeko eta elkarrekin hitz egiteko erabiliko dute kardinalek denbora hori. Kardinal deanak zuzendutako otoitza ere egingo dute.
Ondoren, bozketari berrekingo diote, eta zazpi bozketaren ondoren ez badute aita santua aukeratu, beste eten bat egingo da, berriro otoitz egiteko. Oraingoan, presbiteroen ordenako kardinal nagusiak bideratutako errezoaren ondotik, atzera berriz bozkatzeari ekingo diote. Beste zazpi bozketa eta gero ados jarri ezean, errepikatu egingo da prozesua: etenaldia eta otoitza.
Beste behin egingo da gauza bera, eta hori ere antzua izanez gero, ondorengo bozketan joko-arauak aldatu egingo dira. Aurreko bozketetan boto gehien jaso dituzten bi hautagaiak pasatuko dira hurrengo fasera, eta bi horien artean aukeratu beharko dute kardinalek. Kasu horretan ere, gehiengo kualifikatua beharko da (bi heren). Hori bai, hautagaiek ez dute boza emateko aukerarik izango.
"Eligo in Summum Pontificem"
Kardinalek txartel errektangular bat izango dute boto-kutxan sartzeko: goiko aldean "Eligo in Summum Pontificem" ("Aita santu izendatzen dut") jarriko du, eta beheko aldean norberak nahi duen hautagaiaren izena eskuz idatzi beharko du.
Behin idatzitakoan, txartela tolestu eta, dagokien ordenean, eskua goian dutela, aldarera joango dira, kutxan txartela sartzera. Aurrena, ontzi gainean dagoen platerean utziko dute botoa, eta, ondoren, barrura sartu. Aldare parean burua makurtu eta bere eserlekura itzuliko dira. Zenbatzaileek zainduko dute prozesua.
Ke zuria eta beltza
Boto-paper denak bilduta direla, lehen zenbatzaileak kutxa astindu egingo hainbat aldiz, eta jarraian, beste zenbatzaile bat bozkak zenbatzen hasiko da: banan-banan aterako ditu eta ontzi batean utziko ditu.
Boto kopurua eta kardinalena bat ez badatoz, erre egingo dira txartel guztiak eta beste bozketa bat egingo da.
Zenbaketa amaitutakoan, hautagaien izen-abizenak eta boto kopurua orri batean idatziko dituzte. Txartelak, zenbatu ahala, jostorratz batekin zulatu eta hari batean sartuko dira, gordetzeko. Amaieran, hariaren mutur biak lotu eta ontzi batean sartuko dira.
Aita santua izateko, hautagaietako batek botoen bi herenak eta bat lortu behar ditu. Hori gertatzen bada, aita santu izateko mandatua onartzen ote duen galdetuko diote eta, erantzuna baiezkoa bada, Elizaren agintari goren gisa zein ize izango duen galdetuko diote. Orduan, botoak lasto lehorrarekin erreko dira, eta tximiniatik gora ke zuria irtengo da.
Inork ez baditu botoen bi herenak lortzen, paperak lasto bustiz nahastuko dira. Kasu horretan, tximiniatik gora ke beltza irtengo da.
Zina
Aita santua aukeratzen denean, kardinal guztiek berriro zin egin beharko dute eta hautaketa prozesuari buruzko informazio guztia sekretuan gorde beharko dute.
Frantziskoren lekukoa hartzeko hautagaien izen-dantza aspaldi hasi bazen ere, ez dago faborito argirik. Dena dela, izen bat kiniela ia guztietan ageri da: Pietro Parolin (70 urte) italiarra, Vatikanoko estatu-idazkaria eta Frantziskoren oso gertukoa azken urteotan. Eliza Katolikoaren nazioarteko politikan pieza ezinbestekoa izan da.
Konklabean parte hartuko duen kardinalik zaharrena Carlos Osoro 79 urteko madrildarra da. Gazteena, berriz, Mikola Bychok 45 urteko australiarra. Jatorriari dagokionez, 53 europarrak dira, 37 amerikarrak, 23 asiarrak, 18 afrikarrak eta 4 Ozeanikoak.