Mundua -

KONKLABEA

Konklabeari buruzko bitxikeriak eta aita santu berria aukeratzeko moduak historian zehar

Aita santua aukeratzeko konklabearen sistema 1274. urtean ezarri zuen Gregorio X.ak, hautaketa-prozesua bizkortzeko asmoz. Izan ere, bera hautatu bitartean Eliza Katolikoa bi urte eta bederatzi hilabete egon zen aita santurik izendatu gabe.

Kapera Sistinoan egingo den 26. konklabea izango da. Argazkia: EFE
Kapera Sistinoan egingo den 26. konklabea izango da
Kapera Sistinoan egingo den 26. konklabea izango da. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eliza Katolikoa gidatuko duen hurrengo aita santua aukeratzeko konklabea hasiko da asteazken honetan, Frantzisko aita santua hil eta 16 egunera. Aurreikusi bezala, 133 kardinal hautesleak Kapera Sistinoan itxiko dira.

Aita santua Eliza Katolikoaren buruzagia da, baina hautaketa prozesua ez dago jainkoaren esku. Aurrekoa hil edo karguari uko eginez gero, kardinalek dute berria bozkatzeko eskubidea Vatikano Hirian.

Zure interesekoa izan daiteke: Aita santua aukeratzeko bozketa, urratsez urrats

Konklabe hitza latinezko cum clave (giltzarekin) lokuziotik dator. Horren arabera, kardinalak edo purpuradunak Kapera Sistinoan giltzapetu eta aita santua hautatu beharko dute. Hala ere, beti ez da horrela izan.

Elizaren lehen 1.200 urteetan, tokian tokiko komunitateek osorik parte hartzen zuten aukeraketan. Modu horretan egiteak ahalbidetzen zuen, besteak beste, beste botere eta kanpoko interesek esku hartzea.

1059. urtean, Nikolas II.a aita santuak haren ondorengoa hautatzeko prozesua aldatzea eta kardinalek soilik bozkatu zezatela erabaki zuen. Horixe adierazi zuen aipaturiko aita santuak izenpetu eta zigilaturiko "In nomine domini" izeneko agirian.

Gelasio II.a izan zen konklabe batean aukeratutako lehen aita santua, 1118. urtean. Erromako fakzioen arteko borrokak tarteko, horrela egitea erabaki zuten.

Hala ere, konklabearen sistema ez zen ofizial bihurtu 1274. urtera arte. Gregorio X.ak aukeraketa prozesua bizkortzeko asmoz egin zuen aldaketa. Izan ere, aurrekoak hura hautatu arte Eliza katolikoa bi urte eta bederatzi hilabete egon zen aita santurik izendatu gabe. 

Bitxikeriak

- Kapera Sistinoan egingo den 26. konklabea izango da. Lehendabizikoa 1492. urtean egin zen eta Espainiakoa zen Alexandro VI.a aita santua aukeratu zuten.

- Gaur egun, 252 purpuradunek osatzen dute Kardinalen Kolegioa, baina 80 urtetik beherakoek soilik dute botoa emateko eskubidea —133 kardinal, aurten—, Paulo VI.ak 1970ean onartutako xedapen bati jarraituz.

- Fumata edo ke zuriak iragarriko du Kapera Sistinoan giltzapetutako kardinalek aita santua aukeratu egin dutela, horretarako espresuki jarritako tximinia erabilita.

- Frantzisko 266. aita santua izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Aita santua bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Erroma albisteak gaur Eliza Katolikoa albisteak
OSZAR »