Mundua -

Ke zuria

Mundu osoko agintariek Prevost zoriondu dute aita santu berria izateko izendapenagatik

Robert Prevost 69 urteko kardinal estatubatuarra zoriondu dute mundu osoko estatuburuek ostegun honetan, Leon XIV.a izenarekin aita santu berria izendatu baitute.

Aita santu berria, Leon XIV. Argazkia: EFE
Aita santu berria, Leon XIV. Argazkia: EFE
Aita santu berria, Leon XIV. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Robert Francis Prevost kardinal estatubatuarra aita santu berri izendatzeak erreakzio ugari eragin ditu mundu osoko hainbat estatuburu eta agintariren artean. Horietako bat izan da Imanol Pradales lehendakaria; onena opa dio Leon XIV izenarekin agertu den aita santuari: "Bere lehen mezuan azaldutako asmoetan onena opa diogu: Eliza Katolikoak zubiak eraikitzea, elkarrizketa bultzatzea inor baztertu gabe, pertsona guztiak besarkatzea, gehien sufritzen dutenen ondoan egotea, eta bakea bultzatzea".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere "zorionak" eman dizkio "Eliza Katoliko osoari Leon XIV.a aita santu berria aukeratzeagatik", eta "bere aitasantutzak elkarrizketa eta giza eskubideen defentsa indartzen laguntzea" espero du, "itxaropena eta batasuna behar dituen mundu honetan".

Bestalde, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak espero du izendapen horrek "Frantzisko aita santuaren ildoarekin jarraitzeko balio izatea", eta haren jarduera mundua eta humanismoa ulertzeko moduari lotuta egotea, desberdintasunen aurka eta bakean dagoen mundu baten alde.

Bere aldetik, Donald Trump AEBko presidenteak adierazi du "emozioa" eta "ohore handia" dela, eta herrialde osoari ere zabaltzen zaiola, karguan dagoen lehen estatubatuarra baita.

Ildo beretik, Europako hainbat buruzagik aita santu berria zoriondu dute. Horien artean, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak aita santu berriaren hautaketa ospatu du. "Eliza Katolikoaren buruzagitza itxaropen-faroa izan dadila fededun guztientzat. Eta bere jakituriak eta indarrak mundua inspiratzen jarrai dezatela zubiak, batasuna eta bakea eraikitzeko lanean ari garen bitartean", gaineratu du sare sozialetan.

Bestalde, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak agiri bateratu batean adierazi dutenez, ziur daude aita santu berriak "bere ahotsa" erabiliko duela "mundu bidezkoago eta errukitsuago baten bila batasuna bultzatzeko".

Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak "argi, humanismo eta unibertsalismoz betetako aitasantutza" opa dio aita santu berriari, "ezegonkortasun eta ziurgabetasun handiko" une batean.

Bestalde, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak esan du hautaketak "itxaropen berri bat" ekarriko duela.

Irlandako lehen ministro Micheál Martinek ohar batean adierazi duenez, San Petri plazan bizi diren "poz handiko eszenak eta ospakizunak fededunek aita santu berriarekiko duten itxaropenaren eta borondate onaren isla dira".

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "jakinduria, inspirazioa eta indarra" opa dizkio aita santu berriari. "(Kiev) sakon baloratzen du Egoitza Santuak Nazioarteko Zuzenbidea defendatzeko, Errusiar Federazioak Ukrainaren aurka egindako eraso militarra gaitzesteko eta zibil errugabeen eskubideak babesteko duen jarrera etengabea", adierazi du.

Ildo beretik jo du Argentinako Gobernuak, eta aita santu berriari "bere lidergoa eta jakinduria garai zailetan" gida izatea opa dio. Javier Milei Argentinako presidentearen bozeramaileak adierazi duenez, "munduak lehoien esnatzea behar du", bere buruari "lehoia" deitu dion agintari ultraeskuindarraren ezizenetako bat aipatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak
OSZAR »