Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek are gehiago gordindu ditu erasoak Gazako ipar eta hegoaldean, ofentsiba berriaren baitan
Gazako Osasun Ministerioko zuzendari nagusi Munir al Barshek esan duenez, Israelek 153 pertsona hil ditu azken 24 orduetan, "genozidioa gordindu zenetik egun bakarrean izan den biktima kopuru handienetakoa".
agentziak | eitb media
Israelgo Armadak iragarri du ofentsiba "osagarri bat" abiatu duela Gazako iparraldean eta hegoaldean, larunbatean hasitako "Gedeonen gurdiak" operazioaren baitan, erdialdeko nahiz hegoaldeko zenbait herritan erasoak egitea helburu.
Iragan astean ere, Hamasen 670 helbururi egin zieten eraso israeldarrek, X sare sozialaren bidez Armadak berak jakinarazi duenez.
Horren aurrean, krisi humanitario itogarri baten erdian, Israelek erasoak areagotu dituela salatu dute palestinar agintariek, Israelek Gazako Zerrenda blokeatuta duen bitartean.
Gorabeherak daude igande honetan hil dituzten palestinarren kopurua zehazteko orduan, minutuz minutu hazi egiten baita biktimen kopurua, eta iturriaren arabera kopuru bat edo beste bat eman baitute.
Gazako Osasun Ministerioko zuzendari nagusi Munir al Barshek esan duenez, Israelek 153 pertsona hil ditu azken 24 orduetan, "genozidioa gordindu zenetik egun bakarrean izan den biktima kopuru handienetakoa".
Gazako Osasun Ministerioak, bestalde, ohar baten bidez zabaldu du 132 lagun hil dituela Israelek igande goizean, horietatik 61 Gazako Zerrendako iparraldean.
Guztira, 53.300 pertsona hil eta 120.600 zauritu ditu azken hilabeteetako erasoaldian. Martxoaren 18an su-etena apurtu zuenetik, 3.131 hil eta 8.632 zauritu ditu.
Arabiar Ligak presioa egiteko deia egin du
Bien bitartean, Arabiar Ligak goi-bilera egin du larunbatean Iraken, eta batasuna eskatu die 22 herrialde kideei, eskualdean dituzten erronkei aurre egiteko, eta nazioarteari, presioa erabil dezala Gazako Zerrendako "odoljarioa" amaitzeko.
Irakeko hiriburua izan da herrialde arabiarren biltokia, eta guztiek salatu dute, banan-banan, Israel Palestinan egiten ari den "sarraskia". Gainera, Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko eskatu dute, Israelek bidea itxi baitzuen martxoaren 2an, eta ordutik ehunka mila pertsona daude gosete arriskuan.
"Nazioarteari eskatzen diogu, eragina duten estatuei bereziki, har dezatela euren gain ardura morala eta legala presioaren bitartez odoljarioa eteteko eta laguntza humanitarioa sartzen uzteko", jaso dute goi-bileran adostutako testuan.
Bi estatuen (Israel eta Palestina) irtenbidea zein izan daitekeen izan da foroan gehien jorratu zuten beste puntuetako bat.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak Bagdaden adierazi duenez, "munduak, eskualdeak eta bereziki Palestinako eta Israelgo herriek ezin dute onartu bi estatuen irtenbidea gure begien aurrean desagertzea. Helburu hori sekula ez da izan horren beharrezkoa eta inoiz ez da egon horren urrun".
Horren hitzetan, soilik bi estatu horien irtenbideak ekar lezake "bake iraunkorra". Proposamen horren arabera, Jerusalem izango litzateke bi estatuen hiriburua, "NBEren ebazpenek, nazioarteko zuzenbideak eta aurrez egindako akordioek hala agintzen baitute".
Nazioarteko Zigor Auzitegia
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere irmo agertu da bertan "ohorezko gonbidatu" gisa egin duen agerraldian, eta esan du Espainiako Gobernuaren lehentasuna bi estatuen "irtenbide politikoan aurrera egitea" dela.
Sanchezen ustez, "aukera historikoa" ekainean izango dute, New Yorken Saudi Arabiak eta Frantziak antolatu duten konferentzian, baina aitortu du "soilik arabiarren eta europarren artean adostasun zabala badago" izango duela arrakasta.
Bestalde, Sanchezek hauxe iragarri du: "Espainiak proposamen bat helaraziko dio Nazio Batuen Asanbleari Nazioarteko Justizia Auzitegiak bere iritzia eman dezan Israelek Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko dituen nazioarteko betebeharren inguruan".