Mundua -

Telefono bidezko elkarrizketa

Trumpek esan du Kievek eta Moskuk “gerra amaitzeko negoziazioak berehala" abiatuko dituztela

Bestalde, Putinek adierazi duenez, Errusia prest dago Ukrainako agintariekin bake akordioa lortzeko memorandum bat adosteko. Errusiako agintariak azaldu duenez, memorandum horrek irtenbidearen printzipioak eta balizko bake akordio bat sinatzeko epeak jaso behar ditu.

Vladimir Putin Errusiako presidentearen agerraldia, Trumpekin hitz egin ondoren. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentearen agerraldia, Trumpekin hitz egin ondoren. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentearen agerraldia, Trumpekin hitz egin ondoren. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak gaur aurreratu duenez, Vladimir Putin eta Volodimir Zelenski Errusiako eta Ukrainako homologoekin hitz egin ostean, Ukraina eta Errusia "su-etenari eta, are garrantzitsuagoa, gerraren amaierari begira berehala negoziatzen" hasiko dira.

Trumpek azaldu duenez, Zelenskiri berari, Ursula Von der Leyen Europako Batzordearen presidenteari, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroari eta Frantziako (Emmanuel Macron), Alemaniako (Friedrich Merz) eta Finlandiako (Alexander Stubb) buruzagiei eman die hitz egindakoaren berri.

Trumpek erantsi du Errusiak "eskala handiko" merkataritza egin nahi duela AEBrekin "sarraskia" amaitzen denean, eta esan du ados dagoela horrekin.

"Errusiak aukera izugarria du enplegu eta aberastasun kantitate izugarriak sortzeko. Potentzial mugagabea du. Era berean, merkataritzak Ukrainari mesede handia egin diezaioke herrialdea berreraikitzeko prozesuan", azaldu du.

Putin, Kievekin memorandum bat adosteko prest

AEBko presidentearekin telefonoz bi orduz baino gehiagoz hitz egin ostean, Putinek adierazi duenez, Errusia prest dago Ukrainako agintariekin bake akordioa lortzeko memorandum bat adosteko.

Errusiako agintariak azaldu duenez, memorandum horrek irtenbidearen printzipioak eta balizko bake akordio bat sinatzeko epeak jaso behar ditu.

"Errusiak eta Ukrainak bakea lortzeko desiorik handiena erakustea da gakoa, eta bi aldeak asebeteko dituzten konpromisoak aurkitzean", azpimarratu du Putinek, Donald Trump AEBko homologoarekin gaur izandako elkarrizketa telefonikoaren ostean.

Errusiako presidentearen agerraldia, AEBko buruzagiarekin telefonoz hitz egin ondoren. Argazkia: EFE

Errusiako presidentearen agerraldia, AEBko buruzagiarekin telefonoz hitz egin ondoren. Argazkia: EFE

Putinek nabarmendu du Kievekin su-etena lortzea posible dela "dagozkion akordioak lortzen badira". Gainera, Etxe Zuriko maizterrak su-etenaren aldeko jarrera agertu duela adierazi du Putniek, TASS albiste agentziak jasotako adierazpenetan.

Errusiako buruzagiak azaldu duenez, Kievekin ixteko prest dagoen dokumentuak zenbait xehetasun jaso behar ditu, su-etenerako printzipioak eta akordioa gauzatzeko egutegi posible bat barne.

"Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiot AEBko presidenteari Errusiaren eta Ukrainaren arteko zuzeneko negoziazioei emandako babesagatik, bake-akordio baten balizko amaieraren inguruan, jakina baita 2022an ukrainarrek eten zituztela", adierazi du.

"Istanbuleko negoziazioetan hartu-emanak berriro abiatu ziren, eta horrek, oro har, bide onean gaudela pentsatzea ahalbidetzen digu", gaineratu du Putinek.

Halaber, agintari errusiarrak Trumpekin izandako elkarrizketa goraipatu du, "oso konstruktiboa" izan delako. "Balio handia ematen diot", berretsi du.

Hirugarren aldiz hitz egin dute Putinek eta Trumpek telefonoz, agintari estatubatuarra joan den urtarrilaren 20an boterera itzuli zenetik.

Zelenskik dio Vatikanoak, Suitzak edo Turkiak har dezakeela hurrengo bilera

Azkenik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du Ukrainaren eta Errusiaren arteko hurrengo batzarra Vatikanoan, Suitzan edo Turkian egin litekeela, eta Moskuren su-etenerako baldintzen berri izatea espero duela. "Onartezin den edozein eskaera errusiarrek bakerik nahi ez duten froga bat izango litzateke", ohartarazi du.

"Ez ditut errusiarren printzipioak (baldintzak) ezagutzen, baina Trump presidentearekin izan dugun elkarrizketan ulertu dudanez, Errusiak memorandum bat bidali nahi digu", azaldu du. "Lehenengo urratsak onargarriak izan behar dira bi aldeentzat", errepikatu du.

Ukrainan bakea lortzeko balizko negoziazio baten anfitrioi gisa eskaini du bere burua Vatikanoak
Ukrainan bakea lortzeko balizko negoziazio baten anfitrioi gisa eskaini du bere burua Vatikanoak
Ukrainan bakea lortzeko balizko negoziazio baten anfitrioi gisa eskaini du bere burua Vatikanoak

0:40

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra
OSZAR »