Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
14.000 haur inguru hilko dira Gazan, hurrengo 48 orduetan giza laguntza sartu ezean
Atzo laguntza humanitarioa zeramaten bost kamioi sartu ziren Gazako Zerrendan, Israelek ezarritako 11 asteko blokeoari amaiera eman ostean. Nazio Batuen Erakundeak baieztatu du astearte honetan 100 kamioi inguru sartzeko baimena eman duela Israelek.
AGENTZIAK | EITB Media
Gazatarrak gosez hiltzen ari dira eta hurrengo 48 orduetan giza laguntza sartu ezean 14.000 haur inguru hilko direla ohartarazi du Tom Fletcher NBEko Gai Humanitarioetarako idazkariorde nagusiak.
Erresuma Batuko Radio 4 irrati kate publikoan egin duen elkarrizketan azaldu duenez, Nazio Batuen erakundeko "talde sendoa" ari da bertan lanean eta giza laguntza gehiago bideratzea eta "gainezka" egitea beharrezkoa da.
Atzo, Israelek 11 asteko blokeoari amaiera eman eta laguntza humanitarioa zeramaten bost kamioi sartu ziren Gazako Zerrendan.
Jens Laerke NBEren giza laguntzarako agentziaren bozeramaileak astearte honetan Genevan egin duen prentsaurrekoan aurreratu duenez, Israelek astearte honetan laguntza humanitarioa eramateko 100 kamioi inguru sartzeko baimena eman du.
Bien bitartean, Israelgo Armadak Gazaren aurkako erasoaldiarekin jarraitzen du. Gutxienez 53 pertsona hil dira Gazako Zerrendan Israelgo Armadak azken orduetan egindako erasoen ondorioz.