Mundua -

Gosetea Gazan

Guterresek ohartarazi du palestinarrek gatazkaren faserik "krudelena" bizi dutela Israelen blokeoa dela eta

NBEko idazkari nagusiak esan du orain arte baimendutako laguntza guztia "koilarakada txiki bat" baino ez dela, Gazan behar dena "laguntza oldea" denean.

Janaria lortzeko borroka, Gazan. Argazkia: EFE
Janaria lortzeko borroka, Gazan. Argazkia: EFE
Janaria lortzeko borroka, Gazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gaur ohartarazi duenez, Gazako Zerrendako palestinarrak gatazkako fase "krudelena" bizitzen ari dira Israelen blokeoa dela eta.

"Ia 80 egunez, Israelek laguntzaren sarrera blokeatu du. Gazako biztanle guztiek gosete arriskuari aurre egin behar diote, familiak gosea pasatzen ari dira, eta produkturik oinarrizkoenak ukatzen zaizkie", salatu du Guterresek NBEren New Yorkeko egoitzan emandako prentsaurrekoan.

Idazkari nagusiak adierazi duenez, azken egunotan ia 400 kamioi sartu dira Gazan Kerem Shalomeko muga-pasabidetik, baina palestinarrek ibilgailu horietako 115 baino ezin izan dituzte jaso. Gainera, nabarmendu duenez, laguntza horretatik ez da "ezer" iritsi Zerrendako iparraldera.

Israelgo Gobernuak gaur jakitera eman duenez, ostegunean NBEko eta nazioarteko 107 kamioi sartu ziren Zerrendan.

Bestalde, NBEk ostegunean ziurtatu zuen 198 kamioi sartu zirela Gazara, eta horietatik 90 lurraldean zehar banatu zirela, Zerrendako okindegietarako irinez edo osasun-produktuez beteta.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia NBEren New Yorkeko egoitzan emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia NBEren New Yorkeko egoitzan emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Arpilatzeak eta etsipena

Hala ere, laguntza banatzeko arazoak ematen ari dira; izan ere, sartzen ari den laguntza apurrari arpilatzeak eta laguntza jasotzeko jendearen etsipena gehitu behar zaizkie, hiru hilabetez Israelek Zerrenda erabat blokeatuta mantendu  ondoren.

Guterresek gaur ohartarazi duenez, orain arte baimendutako laguntza guztia "koilarakada txiki baten parekoa" da, Gazan behar dena "laguntza oldea" denean.

Gainera, "beharrezkoak ez diren" atzerapenak eta erakundeak banatzen dituen ondasunei Israelgo agintariek ezarritako kuota zorrotzen aurka egin du: "Lehen mailako gaiak debekatzen dira, hala nola erregaia, janaria prestatzeko gasa eta ura garbitzeko hornidurak".

Erasoak hasi aurretik, herritarrentzako oinarrizko ondasunak banatzen zituzten 500 kamioi inguru sartzen ziren egunero, batez beste. Garai hartan ere, erakunde humanitarioek uste zuten ez zela nahikoa.

Bitartean, Israelen erasoaldi militarra areagotu egin da "heriotza eta suntsipen maila izugarriekin", eta Israelek Gazaren % 80 militarizatutako eremu izendatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Gosea Ultraeskuina Ekialde Hurbila
OSZAR »