Politika -

ITZALALDIA

Jaurlaritzak larrialdi maila 2tik 1era jaitsi du: "Normaltasuna ez da erabatekoa, zuhurtzia eskatzen dugu"

Itzalaldia dela eta atzo aktibatutako mahai teknikoak bigarren bilera egin du goizean. Bertan hitz egindakoaren berri eman du Imanol Pradales lehendakariak, hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Gertatutakoari buruzko "premiazko azterketa integrala egitea" eskatu du, "gardentasun osoz".

Gasteiz, gaur. Argazkia: EFE
Gasteiz, gaur.
Alerta fasea lehen mailara jaistea erabaki du LABIk

0:49

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Agerian geratu da gizarte aurreratua izan arren, oso zaurgarriak garela. Segurtasuna modu integralean bermatu behar dugu, baita energiaren eta teknologiaren arloan ere". Hitzok erabili ditu Imanol Pradales lehendakariak Larrialdiei Aurre Egiteko Bidearen (LABI) bileraren ondoren egin duen agerraldiari ekiteko, eta, horiek esanda, hainbat mezu helarazi ditu.

Hasteko, jakinarazi du itzalaldia dela eta atzo aktibatutako larrialdi maila 2tik 1era jaistea erabaki duela mahai teknikoak, "egoera etengabe monitorizatu" eta "datuak aztertu" ostean. Horrek esan nahi du erakundeek bere gain hartuko dutela berriro bere baliabideen eta zerbitzuen kudeaketa, eta Jaurlaritzak koordinazio lanetan lagunduko duela. Lehendakariaren hitzetan, "Euskadi normaltasunera hurbiltzen" ari da eta "deseskalatze fasean" sartu da. 

Atzokoak "ordu zailak" izan zirela aitortu arren, "ondorioak larriagoak" izan zitezkeela ere nabarmendu du. "Zorionez, kalte pertsonalik ez zen izan, baina bai materialak", eta zentzu horretan, Jaurlaritzaren "elkartasuna" helarazi die bereziki "elektro-indarrarekin lan egiten duten enpresei", prozesu guztiak "berrabiarazi behar izan dituztelako".

Itzalalditik 24 ordu igaro direnean, berretsi du ez dakitela zein izan den arrazoia, eta funtsezkoa iritzi dio kausak ezagutzeari, arazoei "errotik" heldu eta "neurriak hartzeko", berriro gerta ez dadin. Horregatik, "desinformazioa saihestu" eta "datu objektiboak" kontuan hartuta, "premiazko azterketa integrala egitea" eskatu du, "gardentasun osoz".

Egoerak erakutsi du, Pradalesen esanetan, larrialdi-egoerei erantzuteko prest egon arren, "hobetu" egin behar direla protokoloak. "Asko dugu ikasteko". Horregatik, LABIk erabaki du lan-ildoak berrikusi eta eguneratzea, "larrialdi sistema hobetzeko eta indartzeko". "41 urte daramatzagu gure larrialdi-sistema kudeatzen. Lasaitasuna eta segurtasuna ekarri dizkigu, baina hobetu egin behar dugu", erantsi du.

Azkenik, itzalaldiaren ondorengo egoerari aurre egiteko lan egin zuten behargin guztien ahalegina eskertu ondoren, lehendakariak ohartarazi du normaltasuna ez dela erabatekoa, eta "zuhurtziaz" jokatzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales
OSZAR »