Politika -
ITZALALDIA
Auzitegi Nazionalak ikerketa zabaldu du asteleheneko itzalaldiaren atzean zibereraso bat dagoen argitzeko
Asteartean zabaldutako autoan, Jose Luis Calama epaileak txosten bana eskatu die Espainiako Kriptologia Zentroari eta Red Electrica Corporacion SA erakundeari, bertan itzalaldiaren arrazoia edo arrazoiak azaldu ditzaten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa zabaldu du asteleheneko itzalaldiaren atzean zibereraso bat dagoen ikertzeko. Iberiar penintsula osoa argirik gabe geratu zen 12:30 inguruan, eta Jose Luis Calama epaileak ikertu nahi du oinarrizko azpiegituren aurka nahita egindako sabotaje informatikoa izan ote zen. Hala balitz, terrorismo delitua litzateke.
Asteartean zabaldutako autoan, epaileak txosten bana eskatu die Espainiako Kriptologia Zentroari eta Red Electrica Corporacion SA erakundeari, bertan itzalaldiaren arrazoia edo arrazoiak azaldu ditzaten. Hamar eguneko epea eman die horretarako.
Era berean, Espainiako Polizia Nazionalaren Informazio Komisariari ere gertatutakoari buruzko aurretiazko txosten bat egitea eskatu dio, hamar eguneko epean hori ere.
Ofizioz erabaki du epaileak ikerketa abiatzea. Bere hitzetan, asteleheneko itzalaldiak oinarrizko zerbitzuei zuzenean eragin zien. Osasuna, energia, industria eta garraioa aipatu ditu bere idatzian, azaltzeko herritarren "ongizatea" eta "segurtasun sentimendua" arriskuan jarri zirela.
Calamaren iritzian, gertatutakoaren arrazoia oraingoz argitu gabe dagoen arren, "ziberterrorismoa aukeretako bat da". Horregatik uste du ikerketa judiziala abiatzea ezinbestekoa dela.