Politika -
ABIADURA HANDIKO TRENA
Mendozak Espainiako Gobernuari eskatu dio Aralarko katen eta AHTari buruzko txostenak jakinarazteko
Eztabaidak atzean utzi eta azpiegitura lehenbailehen martxan jartzeko lanei ekitea ere galdegin du Gipuzkoako diputatu nagusiak.
EITB MEDIA
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruko txosten tekniko guztiak, horien artean Aralarko katen emaitzak, lehenbailehen jakinarazteko eskatu dio gaur Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Espainiako Gobernuari. Hainbestekoa da azpiegitura honen "atzerapena", txostenen "emaitzak gehiago luzatu gabe ezagutzea" ezinbestekoa dela, "Euskadiren bizkarrezurra" izango den azpiegituraren lanei ekiteko. Hala uste du buruzagi jeltzaleak.
Radio Euskadin hitz egin du Mendozak, eta han eskatu du, baita ere, eztabaidak atzean uzteko. Azaldu duenez, Jose Antonio Santano Estatuko Garraio idazkariarekin joan den otsailean izandako bileratik ez dute beste informaziorik izan. Bilera horretan jasotako "albiste ona", erantsi du, Eusko Jaurlaritzak bere txostenetan Aralar inguratzeko egindako proposamena ontzat ematen dela eta katak han egiten ari direla da.
Halaber, diputatu nagusiak nabarmendu du AHTak "deskarbonizazioaren alde eta klima aldaketaren aurka" egiteko ere balioko duela, besteak beste, "ibilgailuak errepideetatik ateratzea" ekarriko duelako.
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiarekin —Gasteizko lotunea defendatzen du— gai honen inguruan duen harremanaz galdetuta, erantzun du bien arteko "hartu-emana oso ona" dela. "EAJk eta Jaurlaritzak badute euren jarrera argituta. Eztabaida areagotzeko asmorik ez dut", zehaztu du.