Politika -

eh bildu

EH Bilduk euskal inbertsio bankua eta energia merkaturatzaile publikoa sortzea proposatu du

Sare elektrikoaren gaineko eskumenen transferentzia ere eskatu du koalizio subiranistak.

Pello Otxandiano gaur legebiltzarrean
Pello Otxandiano gaur legebiltzarrean
EH Bildu: 'Azken hamarraldietan hegemonikoa izan den paradigma ekonomikoaren porrotaren aurrean gaude'

1:21

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean gaur egiten ari diren eztabaida monografikoan EH Bilduk industria politika berriak aldatzeko 14 proposamen egin ditu, horien artean, euskal inbertsio bankua eta energiaren merkaturatzaile publikoa sortzea, eta, lehen sektoreari lotuta, Euskadiko jantoki publikoetan Euskal Herriko produktuekin egindako 100.000 menu eskaintzeko estrategia garatzea, besteak beste. Ondorengo egunetan Eusko Jaurlaritzak onartu asmo duen industria planari "ekarpena egitea" du xede EH Bilduren egitasmoak.

Goizeko 09:30ean ekin diote politikariek Legebiltzarrean gizarte- eta ekonomia-eredua ardatz hartuta egiten ari diren saio monografikoari. Aurrez, bertaratutakoek minutu bateko isilunea egin dute, pasa den ostiralean, Bilbon izandako hilketa bikarioaren biktimak omendu eta familiari babesa helarazteko. 

Horren ondotik, Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak hartu du hitza, eta politika ekonomikoaren gidaritza publikotik hasita, hainbat proposamen egin ditu. Besteak beste, eskatu du sare elektrikoaren gaineko eskumenen transferentzia, Euskadik ahalmena izan dezan autonomia erkidegoan arlo horretan egiten diren inbertsioei buruz erabakitzeko.

Gainera, beharrezkotzat jotzen du "energia merkaturatzeko erakunde bat" izatea. "Merkaturatzaile publiko bat proposatzen dugu, Kataluniakoa eredutzat hartuta", gaineratu du.

Elikaduraren alorrean ere egin du proposamena: Euskadiko jantoki publikoetan Euskal Herriko produktuekin egindako 100.000 menu eskaintzeko gaitasuna izango lukeen estrategia garatzea.

Euskal inbertsio bankua

Bestalde, inbertsioen euskal bankua sortzea ere jarri du mahai gainean Otxandianok; izan ere, "transferentziak sare elektrikoan egin beharreko inbertsioen araudia berrikustea ekarriko luke". Otxandianok uste du eraldaketa estrategiko horrekin Euskal Autonomia Erkidegoari "finantza-tresna indartsuagoa, proaktiboagoa eta jarduteko gaitasun handiagokoa" emango liokeela.

Horri lotuta, EH Bilduren bozeramaileak esan du Finantzen Euskal Institutuak sortu berri duen Indartuz funtsa "urrats bat ¡zan dela" eta "Euskal finantza sistema modu koherentean artikulatzeko" unea dela.

Adimen Artifiziala ere izan du mintzagai, eta horretan ere ahalik eta subiranotasun handiena izatearen alde egin du, eta, horretarako, AArako eskala handiko azpiegiturak eta konputazio ahalmena garatzea ezinbestekoa da, Otxandianoren aburuz.

Bere hitzaldian, eta azken asteetan EAJren eta PSE-EEren artean migrazioaren arloan sortu diren tirabirei erreferentzia eginez, koalizioaren buruak esan du "immigrazioari buruzko polemika ez oso eraikitzailea ikusi" dutela. Ildo horretan, "argi dago laneratzea migrazio-politikaren funtsezko prozesua dela", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra bideoak Albisteak Gaur Albisteak Pello Otxandiano
OSZAR »