Politika -
'KOLDO AUZIA'
Cerdan, Abalos eta Koldoren audioak: “Nik 450.000 jaso ditut lehen txandan”
Guardia Zibilaren txostenean jasotako zortzi audioek norabide aldaketa garrantzitsua eragin dute PSOErekin lotutako ustezko ustelkeria sareari buruzko ikerketan. Koldo, Cerdan eta Abalosen arteko elkarrizketen grabazioek erakusten dute nola jarduten zuten komisioen kudeaketan inplikatutako hirurek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) PSOEri lotutako ustezko ustelkeria sare bati buruz egindako ikerketak azaleratu egin ditu Koldo Garciaren eta Santos Cerdanen arteko elkarrizketa tirabiratsuak eta konprometigarriak. Aztertutako zortzi audioetako batean, Koldok berak ezkutuan grabatutakoak, ministerioko aholkulari ohiak Cerdani ohartarazpena egin zion: "Nitaz mesfidatzen bazara, bitartekari gisa kenduko naiz... Ciudad Realeko aireportuko segurtasun zuzendari izatea eskaini didate eta".
Ia 500 orrialdeko txosten batean bildutako grabazio horiek funtsezkoak izan dira Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Jose Luis Abalos ministro ohiaren eta esleipen irregularrekin lotutako hainbat enpresatan erregistroak baimentzeko.
2021eko urtarrileko elkarrizketa batean, Koldok iruzurretik aldentzeko mehatxua egin zuen berarengan konfiantzarik ez bazuten. "450.000 euro lehenengo txandatik" eta kontratu publikoengatik komisio gehigarriak jaso izana ere aipatzen du audio horretan. "Nik ez dut txanpon bat eskatu, eta ez naiz ezerekin geratu. Baina, nahi badute, bitartekaritza egiteari utziko diot", azpimarratu zuen.
UCOren txostenaren arabera, iruzurraren jatorria 2013an dago, Nafarroan: Cerdan eta Garcia fakturak faltsifikatzen hasi ziren, eta, besteak beste, Acciona eta Servinabar enpresekin izan zituzten harremanak. Egitura Madrilera eraman zuten ondoren, eta litekeena da funtsen zati bat, ustez, PSOE finantzatuz amaitu izana, horren inguruko frogarik ez dagoen arren.
"47 enpresari" lagundu diela eta "gulak, xanpaina, ardoa eta urdaiazpikoa" jaso dituela ere onartzen du Koldok audioetan. Guardia Zibilaren arabera, Cerdanen inplikazioa gakoa izan zen sarearen hasieran, eta protagonismoa aldatu bazen ere, azken faseetan garrantzia hartu zuen berriro.
Ikerketak irekita jarraitzen du, eta oraindik aztertzeko materiala dago konfiskatutako dispositiboetan.
Cerdan auzian pertsonatu da, eta epaileak diputatu akta utziko duen galdetu dio
Leopoldo Puente magistratuak onartu egin du Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak 'Koldo auzian' pertsonatzeko egindako eskaera. Era berean, diputatu akta uzteko asmoari eusten dion galdetu dio, eta hala izango balitz, hilaren 25ean Auzitegi Gorenean hitzordua jarri aurretik edo ondoren egingo duen.
Santos Cerdanek ostegunean eman zuen dimisioa PSOEn Antolakuntza idazkari gisa, eta diputatu aktari uko egingo diola iragarri zuen, UCOren txostena argitaratu ostean.