Alaves
Fitxaketa
Alavesek Pablo Ibañez fitxatu du, bost denboraldiz, 2030era arte
EITB MEDIA
Erdilari iruindarra, 26 urtekoa bera, Osasunatik iritsi da Gasteizko taldeari, 2029-30 denboraldiko amaierara arte; Ibañezek Osasunarekin zuen kontratua ekainean amaitu egin da.
-
Pablo Ibañezek bost denboraldiz jokatuko du Alavesen. Irudia: Alaves.
Alavesek orain arte Osasuna taldean izandako Pablo Ibañez erdilari iruindarra fitxatu du, bost denboraldiz, alegia, 2029-30 denboraldia amaitu arte, Gasteizko klubak astelehen arratsaldean iragarri duenez. Ibañezek 26 urte ditu (irailean beteko ditu 27), eta ekainean amaitu egin da Osasunarekin zuen kontratua; ondorioz, Alavesek ez dio dirurik ordaindu behar izan Osasunari, fitxaketa gauzatzeko.
Pablo Ibañezek 100 partida ofizial jokatu ditu Osasunarekin, horietako 86 EA Sports Ligan, eta lau gol sartu; 2023an, Errege Kopan, finalerdietan, berak egin zuen, San Mamesen, Iruñeko taldeari finalerako sailkatzea eman zion gola. 2022-23 denboraldiko Kopan, Alaveseko jokalari berriak txapeldunorde izatea lortu zuen.
Alavesek nabarmendu duenez, erdilari nafarrak "iraupen luzeko kontratu bat sinatuta hartu du lur" Arabako taldean, "bere ibilbidean urrats berri bat emateko helburuarekin Chacho Coudeten aginduetara".