Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek Rangers kanporatu du (2-0), Sancetek eta Nico Williamsek golak sartuta, eta finalerdietan da

EITB MEDIA

Ernesto Valverderen taldea lehen zatiko luzapenean aurreratu da, Oihan Sancetek baliatutako penalti baten bidez, eta 81. minutuan egin du 2-0ekoa, Nico Williamsek buruz sartutako golaz. Hala, euskal taldea txapelketako finalerdietan izango da, maiatzaren 1ean eta 8an, Manchester Uniteden aurka.

  • Nico Williamsek Athleticen bigarren gola sartu du, buruz. Argazkia: EFE.

    Nico Williamsek Athleticen bigarren gola sartu du, buruz. Argazkia: EFE.

Athletic 2024-25 denboraldiko Europa Ligako finalerdietarako sailkatu da, ostegun gauean, final laurdenetan Rangers FC San Mamesen kanporatuta; euskal taldea 2-0 gailendu da kanporaketako itzuliko partidan, eta horrek, joaneko neurketako 0-0ekoarekin lotuta, finalaurrekoetarako sailkatzea eman die Ernesto Valverderen gizonei; Manchester United izango dute aurkari, joaneko partida Bilbon. Oihan Sancetek sartu du 1-0ekoa, penaltiz, lehen zatiko luzapenean, eta Nico Williamsek egin du Athleticen bigarren gola, 81. minutuan.

Ernesto Valverdek ia-ia errepikatu du Glasgowko hamaikakoa; izan ere, aldaketa bakarra izan da: Alex Berenguer sartu dela, erasoan, eskuinaldetik, Iñaki Williamsen ordez. San Mamesen giro ikusgarria izan dela (ikusleen marka hautsi egin da, 52.114 zale izan baitira), Rangersek, hasierako minutuetan, joaneko neurketan baino gorago jokatu nahi zuela erakutsi du, baina Oihan Sancetek izan du lehenengo gol aukera, gertutik egindako jaurtiketa batean; baloiak atzelari batean jo du.

Hamabigarren minutuan, berriro ere izan da Sancet gola sartzetik hurbil, Rangerseko atzelari batek aldendu duen erremate argi batean. 17.ean, Dani Vivianek, area barruan, Dessersen elastikoari heldu dio, eta aurrelaria jausi egin da, baina epaileak ez du ezer adierazi; jokaldi deigarria izan da, Rangerseko jokalariaren kamiseta apurtu egin baita.

Athletic Rangerseko atzealdeko zuloaren bila zebilen, eta Eskoziako taldearen asmoa zen baloia lapurtu eta azkar irtetea. Yilmaz lesionatu egin da, eta berdegunea utzi behar izan du, Barronek ordezkatuta. 36. minutuan, Berenguerri apur bat desbideratuta irten zaio area barruan egindako jaurtiketa on bat, euskal taldeak erasoan jokaldi luzea eginda. Maroan ondo ari zen mugitzen bisitarien atzealdean, taldekideentzako zuloak sortuta eta aurkariaren atzelariak estutuz.

Luzapenean, Maroanek bikain utzi dio Sanceti buruz area barruan, Kelly atezainaren aurrean, baina azken horrek ondo babestu du atea, eta nafarraren errematea goitik irten da. Hurrengo jokaldian, Maroanek pase sakona jaso du, Rangersen arean, eta lurrera bota du Souttarrek; Oihan Sancetek hartu du bere gain penaltia jaurtitzeko ardura, eta ezin hobeto egin du. Atsedenaldian, Athletic aurretik zihoan, 1-0.

Sancetek baliatu du Maroani egin dioten penaltia, 1-0ekoa egiteko. Argazkia: EFE.

Sancetek baliatu du Maroani egin dioten penaltia, 1-0ekoa egiteko. Argazkia: EFE.

Rangersek, zutoinera

Barry Fergusonek, Rangerseko entrenatzailea bera, erabaki du bigarren zatirako Nsiala zelairatzea; aurreneko minutuetan, Balogun lesionatu egin da, eta berak ere utzi behar izan du norgehiagoka. 58. minutuan, Rangersek gol aukera oso ona izan du berdinketa jartzeko, Raskinek hurbiletik egin duen erremate batean, baina Julen Agirrezabalak bikain desbideratu du, eta baloia zutoinera joan da.

Athletic indarrez ari zen jokatzen, eta saiatzen ari zen ez sartzen oso atzean; Rangers, markagailuak behartuta, ahalegintzen zen Bilboko taldearen zelaian gehiago jokatzen. 73. minutuan, Beñat Prados eta Gorka Guruzeta sartu dira partidara, Ruiz de Galarretaren eta Maroanen ordez.

Nico Williamsen gola, eta festa San Mamesen

81. minutuan, erasoko jokaldi on baten amaieran, Oscar De Marcosek ezin hobeto erdiratu du bigarren zutoinera, Nico Wiliams buruz sartu da, eta Athleticek bigarren gola erdietsi du. Norgehiagokako azken minutuetan, festak eztanda egin du San Mamesen. Athleticek beste talde bat kanporatu behar du Bilboko futbol zelaian maiatzaren 21ean izango den final handirako. 

Fitxa teknikoa

2 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Lekue; Ruiz de Galarreta (Prados, 73. min), Jauregizar; Berenguer (Vesga, 86. min), Sancet (Unai Gomez, 82. min), Nico Williams (Djalo, 86. min); eta Maroan Sannadi (Guruzeta, 74. min).

0 - Rangers FC: Kelly; Tavernier, Souttar, Balogun (Igamane, 49. min); Ridvan Yilmaz (Barron, 23. min), Raskin, Diomande (Bajrami, 84. min), Jefte; Cerny (Danilo Pereira, 84. min), Ianis Hagi (Nsiala, 46. min) eta Dessers.

Golak: 1-0, 48+. min: Sancet, penaltiz. 2-0, 80. min: Nico Williams.

Epailea: Irfan Peljto (Bosnia-Herzegovina). Athleticeko Sancet, eta Rangerseko Dessers, Balogun eta Tavernier zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 52.114 zale, eta giro ikusgarria, San Mamesen.

  • OSZAR »