Athletic Club
BERRITZEA
Valverdek 2026ra arte berritu du Athleticen
EITB MEDIA
Entrenatzaile gasteiztarrak beste denboraldi batez jarraituko du talde zuri-gorria zuzentzen. Denboraldi horretan, Txapeldunen Liga jokatuko du Bilboko taldeak.


Athletic Clubek ostiral honetan jakitera eman duenez, Ernesto Valverde entrenatzaileak beste urtebetez luzatu du Bilboko taldearekin duen kontratua, 2026ko ekainaren 30era arte. Horrela, entrenatzaile gasteiztarrak hamargarren denboraldia beteko du Bilboko lehen taldeko arduradun tekniko nagusi gisa.
Valverde hiru garaitan izan da Athleticeko entrenatzailea: 2003tik 2005era, 2013tik 2017ra eta 2022tik 2026ra (oraingoz).
Horrez gain, bera da Athleticen entrenatzaile gisa partida gehien egin dituen teknikaria: 452 norgehiagoka izango dira denboraldiaren amaieran.
Hedabideei egindako adierazpenetan, Valverde pozik eta motibatuta agertu da. "Erronka garrantzitsua da. Nik ardura bat sentitzen dut hemen, taldearekin, lan egiten duen jendearekin. Denok batera bultza egiten dugunean, talde sendoa gara; ea noraino irits gaitezkeen. Lehiatzen jarraitu behar da, eta hori da Athleticek beti ondo egiten duena", adierazi du Viandar de la Veran (Extremadura) jaiotako entrenatzaileak.