Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

11. etapa

Richard Carapazek irabazi du Castelnovo ne' Montin, Del Toro bigarren izan dela, eta lehia bizia dabil Giroan

EITB Media

EF Education taldeko txirrindulari ekuadortarrak eraso bikaina egin du Pietra di Bismantovarako igoeran, helmugarako bederatzi kilometro gelditzen zirela, eta aldeari eutsi dio; Isaac del Torok (UAE) oso indartsu dabilela erakutsi du berriro, eta Azparren eta Pello Bilbao ondo aritu dira.

  • Richard Carapaz bakarka helmugaratu da Castelnovo ne' Montin. Argazkia: EFE.

    Richard Carapaz bakarka helmugaratu da Castelnovo ne' Montin. Argazkia: EFE.

EF Education-EasyPost taldeko Richard Carapaz txirrindulari ekuadortarrak irabazi du 2025eko Italiako Giroko hamaikagarren etapa, Castelnovo ne' Montin, asteazkenean, eta UAE taldeko Isaac del Toro ziklista mexikarrak sailkapen nagusiko liderraren maglia arrosari eutsi dio. Carapazek eraso bikaina egin du Pietra di Bismantovarako igoeran, helmugarako bederatzi kilometro gelditzen zirela, eta lortutako aldeari eutsi dio; Del Torok (UAE), etapan bigarren sailkatua bera, oso indartsu dabilela erakutsi du berriro, eta Xabier Mikel Azparren (Q36.5) eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) euskal ziklistak ondo aritu dira.

Aurreikuspena zen etapa gogorra izango zela, kontuan izanik Alpe San Pellegrino igo behar zutela, eta euskal txirrindulariek laster jo dute aurrera. Xabier Mikel Azparren (Q36.5) bi aldiz saiatu da ihes egiten; ezin izan du, baina donostiarrak argi utzi du, beste behin, nola dabilen sasoi puntu onean, oso lehiakor, bizi-bizi. Berehala sortu da multzo handi bat lasterketa buruan, eta Lorenzo Fortunato mendiko sailkapeneko liderra aurretik zihoan; Astana taldeko ziklistaren bila irten dira, multzo handi horretatik, Pello Bilbao (Bahrain-Victorious), Nairo Quintana (Movistar), Luke Plapp (Jayco AlUla) eta Wout Poels (Astana). Gernikarrak eta beste hiru gizonek Fortunato harrapatu dute, eta zenbait kilometro eman dituzte ihes eginda; helmugarako hogei bat kilometro gelditzen zirela, minutu bateko baino pixka bat gehiagoko aldea zuten, tropelarekiko.

Mads Pedersen (Lidl-Trek), Giroko esprinterrik onena orain arte, tropelaren buruan jarria zen, eta iheslarien abantailak behera egin du. Pietra di Bismantova, alegia, eguneko azken mendatea, 2. mailakoa bera, hasi denean, segundo batzuetako aldea zuten, eta jarraian harrapatu egin dituzte. Sailkapen nagusiko gizonen garaia zen, eta, lehia horretan, Richard Caparazek eman du aurreneko kolpea, erasoaldi bortitza eginda; EF Education taldeko ekuadortarra ondo ari zen igotzen, erraz, eta atzetik Isaac del Toro liderrak berak egin du ahalegina, erantzuteko.

Carapaz izan da lehenengoa mendatean, eta Pello Bilbao zihoan buruan, onenen multzoan, hogei bat segundo atzetik. Ziklista ekuadortarraren indarra atzetik zihoazen gizonena baino handiagoa izan da, eta EF Education taldeko buruak garaipen ederra poltsikoratu du, Castelnovo ne' Montin.

Ostegunerako, lasterketako hamabigarren etaparako, Italiako Giroko antolatzaileek prestatu dute 172 kilometroko etapa; Modenan hasi eta Viadanan amaituko da hori. Parte-hartzaileek bi mendate igo beharko dituzte, biak ala biak 3. mailakoak; bigarrena helmugarako ia 80 kilometro geldituko direla izango da.

Etapako sailkapena

1 - CARAPAZ Richard (EF) 4:35:20

2 - DEL TORO Isaac (UAE) + 0:10

3 - CICCONE Giulio (Lidl) d. b.

4 – PIDCOCK Tom (Q36.5) d. b.

5 - BERNAL Egan (INEOS) d. b.

6 - TIBERI Antonio (Bahrain) d. b.

7 - AYUSO Juan (UAE) d. b.

8 - RUBIO Einer (Movistar) d. b.

9 - GEE Derek (Israel) d. b.

10 - ULISSI Diego (Astana) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - DEL TORO Isaac (UAE) 38:47:01

2 - AYUSO Juan (UAE) + 0:31

3 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 1:07

4 - YATES Simon (Visma) + 1:09

5 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 1:24

6 - CARAPAZ Richard (EF) + 1:56

7 - CICCONE Giulio (Lidl) + 2:09

8 - MCNULTY Brandon (UAE) + 2:16

9 - YATES Adam (UAE) + 2:33

10 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d. b.

  • OSZAR »