Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

16. etapa

Scaronik eta Fortunatok Astanaren erakustaldia gidatu dute, eta Simon Yatesek 26 segundora du Del Toro, Giroan

EITB MEDIA

Passo di San Valentinon amaitu den etapa ikusgarria izan da; Astana taldeak garaipen bikaina lortu du, bi gizon lehen bi postuetan jarrita, Simon Yates eta Richard Carapaz oso ondo aritu dira, Ayuso erabat jokoz kanpo gelditu da, eta Roglicek Giroa utzi behar izan du.

  • Astana taldeko Scaroni eta Fortunato elkarrekin helmugaratu dira. Argazkia: EFE.

    Astana taldeko Scaroni eta Fortunato elkarrekin helmugaratu dira. Argazkia: EFE.

XDS Astana taldeko Christian Scaroni txirrindulari italiarrak irabazi du 2025eko Italiako Giroko hamaseigarren etapa, Lorenzo Fortunato taldekidearekin batera helmugaratuta, asteartean, Passo di San Valentinon, ikusgarria izan den jardunaldian; hain zuzen, sailkapen nagusia hankaz gora utzi du etapak: UAE taldeko Isaac del Toro ziklista mexikarrak maglia arrosari eutsi dio, baina soilik 26 segundora du Simon Yates (Visma-Lease a Bike), eta 31ra EF Educationeko Richard Carapaz, azken bi horiek egun oso ona izanda. Horrez gain, UAEko Juan Ayusok sailkapen nagusian zituen aukera guztiak galdu ditu, Del Tororekiko hamabi minutura helmugaratu baita, eta Primoz Roglicek (Red Bull-BORA) Italiako Giroa utzi du.

Arestian esan bezala, 108. Italiako Giroko azken asteko aurreneko etapa gogoan izateko modukoa izan da, txirrindulari asko oso lehiakor ibili baitira, emozio handia izan baitu, eta, hori gutxi balitz bezala, espero ez zen modu batean amaitu delako. Hogei txirrindularik baino gehiagok osatu dute ihesaldia, eta multzo handi horretan hiru euskal ziklista izan dira: Jon Barrenetxea (Movistar), Xabier Mikel Azparren (Q36.5) eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorious). Helmugarako laurogei kilometro gelditzen zirela, eta oraindik 1. mailako bi mendate gainditu behar zituztela, iheslarien abantaila ia sei minutukoa zen.

Primoz Roglic sailkapen nagusiko hamargarren postuan zebilen, etapa hasi aurretik; Giroa irabazteko hautagai nagusietakoa zen, lasterketa Albanian abiatu zela, baina proba utzi behar izan du, erorikoa izan baitu. INEOSek hartu du burua tropelean, eta iheslariekiko aldea murriztu egin da, baina Egan Bernal ere jausi da, eta Erresuma Batuko taldeak utzi egin dio jazarpena zuzentzeari.

Helmugarako 53 kilometro gelditzen zirela, Santa Barbararako igoera hasi baino apur bat lehenago, iheslariek ia bederatzi minutuko abantaila zuten. Igotzen ari zirela, lasterketa buruan zebilen multzoa erdira murriztu da, eta hiru euskal txirrindulariak aurretik zebiltzan gizonen artean zeuden. Atzean, Candriain ere jazo denez, Juan Ayusok arazoak zituen, eta ezin zuen tropelaren erritmoa jarraitu.

Lasterketa buruan zihoazen hiru euskal txirrindulariei erreparatuta, Pello Bilbao zebilen indartsuen; gernikarra ondo baino hobeto ari zen, bizi-bizi eta eskarmentua ere baliatuta, Santa Barbarako igoeran. Lorenzo Fortunatok (Astana), mendiko sailkapeneko liderra bera, aurreneko postua erdietsi du etapako azken-aurreko mendatean, baina beste bat gelditzen zen, 1. mailakoa hori ete, Passo di San Valentino.

Tudor taldeko Yannis Voisardek aurrera egin du, eta, helmugarako hamabost kilometro fata zirela, berrogei segundoko aldea zuen atzetik zihoazen gizonekiko; horiek ziren Pello Bilbao, Sylvain Moniquet (Cofidis), Jefferson Cepeda (Movistar), Gijs Leemreize (Picnic) eta Lorenzo Fortunato eta Christian Scaroni (Astana). Voisard harrapatu egin dute, eta aurretik gelditu dira Cepeda, Fortunato eta Scaronni.

Etapa garaipenaren lehian, Astanako bi gizonek berehala erakutsi dute baliatuko zutela garaipen gogoangarria eskuratzeko aukera. Scaronik jo du aurrera lehenengo, eta, handik gutxira, etapa bikaina egin duen Fortunatok atzean utzi du Cepeda, taldekidea harrapatu egin du, eta elkarrekin joan dira helmugaraino. Lorenzo Fortunatok bultzada handia eman dio mendiko sailkapenean duen aurreneko postuari; Christian Scaroniri etapa garaipena laga dio, eta bi txirrindulariek elkarrekin zeharkatu dute helmuga, eskutik elkarri helduta.

Sailkapen nagusiari dagokionez, lehia bizi-bizia izan da. Ayuso oso atzean zebilela, Richard Carapazek eraso gogorra egin du, eta min egin dio Del Torori. Mexikarrak, gerora, Simon Yatesen erritmoari ere ezin izan dio eutsi. Bai Carapazek bai Simon Yatesek erakutsi dute sasoi puntu oso onean dabiltzala; biek ala biek oso gertu dute sailkapen nagusiko lehen postua, eta, Giroa amaitu bitartean, badituzte etapa gogorrak, Del Torok berak bezala, agerian uzteko nork nahi eta merezi  duen gehien lasterketan gailentzea.

108. Italiako Giroaren hamazazpigarren etapan, asteazkenean, berriro ere egon liteke ikuskizun ederra. Jardunaldiak 155 kilometroko ibilbidea izango du, San Michele all'Adige hasita eta Bormion bukatuta, eta txirrindulariek 2. mailako Tonale, 1. mailako Mortirolo eta 3. mailako Le Motte igo beharko dute, azken hori helmugarako hamar kilometro baino gutxiago geldituko direla.

Etapako sailkapena

1 - SCARONI Christian (Astana) 5:35:05

2 - FORTUNATO Lorenzo (Astana) d. b.

3 - PELLIZZARI Giulio (Red Bull) + 0:55

4 - CARAPAZ Richard (EF Education) + 1:10

5 - GEE Derek (Israel) + 1:23

6 - CEPEDA Jefferson Alveiro (Movistar) + 1:43

7 - STORER Michael (Tudor) + 1:52

8 - YATES Simon (Visma) d. b.

9 - LEEMREIZE Gijs (Picnic) + 2:19

10 - VOISARD Yannis (Tudor) + 2:31

Sailkapen nagusia

1 - DEL TORO Isaac (UAE) 61:31:56

2 - YATES Simon (Visma) + 0:26

3 - CARAPAZ Richard (EF Education) + 0:31

4 - GEE Derek (Israel) + 1:31

5 - CARUSO Damiano (Bahrain) + 2:40

6 - BERNAL Egan (INEOS) + 3:23

7 - STORER Michael (Tudor) + 3:31

8 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 4:07

9 - PELLIZZARI Giulio (Red Bull) + 4:36

10 - YATES Adam (UAE) + 5:08

  • OSZAR »