Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa

17. etapa

Del Torok irabazi du Giroko 17. etapa, eta segundo batzuk sartu dizkie Carapaz eta Yates aurkari zuzenei

EITB MEDIA

Isaac Del Torok bereganatu du garaipena 2025eko Italiako Giroko 17. etapan. Gainera, gainsariak kontuan hartuta, 10 segundo sartu dizkio Richard Carapaz sailkapen nagusiko bigarrenari eta 25 Simon Yates hirugarrenari.

  • Isaac Del Toro

    Isaac Del Toro, 17. etapan lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE.

Isaac Del Torok (UAE Emirates-XRG) irabazi du 2025eko Italiako giroko 17. etapa, San Michele eta Bormio artean jokatu dena, eta 155 kilometroko ibilbidea izan duena. Hala, mexikarrak lidertza sendotu du, Richard Carapaz (EF Education First-Easy Post) eta Simon Yates (Visma-Lease a Bike) aurkari zuzenei segundo batzuk sartu baitizkie.

Hainbat ihesaldi saiakera eman dira etapa hasieran, baina asko kosta da eguneko ihesaldia eratzea. 43. kilometro inguruan, Passo del Tonaleko igoeraren hasieran, egin du aurrera 39 ziklistak osatutako talde handi batek; tartean, Pello Bilbao (Bahrain Victorious), Daniel Felipe Martinez (Red Bull-BORA-hansgrohe), Lorenzo Fortunato (XDS Astana), Romain Bardet (Picnic PostNL), Brandon McNulty (UAE Emirates-XRG), Diego Ulissi (XDS Astana), Wilco Kelderman (Visma-Lease a Bike) y Steven Kruijswijk (Visma-Lease a Bike), besteak beste.

Lasterketa buruko taldea asko murriztu da Passo del Tonalen (2. Mailakoa) gora; 39 txirrindulari izatetik 19 izatera pasa da mendate gainean. Pello Bilbao atzean geratu da, igoera erdialdean.

Gero, Mortirolon gora, Daniel Felipe Martinezek piztu du sua; hala, bada, kolonbiarrak aurrera egin du, eta ihesaldiko taldea txikitu du. Eulaliok pasa du Mortiroloko mendate pankarta lehen postuan, eta jaitsieran beste lau txirrindulari batu zaizkio: Bardet, Stork (Tudor), Cattaneo (Soudal Quick-Step) eta Fortunato. Geroago, lasterketa burura batu dira Kelderman, Daniel Felipe Martinez eta Mathias Vacek (Lidl-Trek)

Atzetik, tropel nagusian, Richard Carapazek (EF Education-Easy Post) jo du erasoa; Del Toro liderrak ezin izan dio jarraitu.  Ekuadorrekoak zulotxoa ireki du, baina jaitsieraren ostean, faboritoen tropelak bat egin du Carapazekin helmugarako 29 kilometro falta zirenean.

Lasterketa buruan, Le Motten (3. mailakoa) gora, Bardetek erasotu eta aurrera egin du, baina faboritoen multzoan Del Torok erritmoa bizitu du, haren atzetik irten da Carapaz, eta biek bat egin dute Bardetekin, helmugarako 8 kilometro falta zirenean.

Helmugarako kilometro t'erdi falta zirenean erasoa jo du Del Torok, eta mexikarrak atzean utzi ditu Carapaz eta Bardet. Helmugan Del Toro izan da nagusi, Bardet bigarren eta Carapaz hirugarren, 4 segundora hurrenez hurren. Ondorioz, Giroko liderrak hamar segundoko gainsaria jaso du, Bardetek 6 segundokoa eta Carapazek laukoa. Gauzak horrela, Del Torok hamar segundo sartu dizkio Carapazi gaurko etapan.

Irabazlearekiko 15 segundora helmugaratu da Simon Yates (Visma-Lease a Bike), beste hauekin batera: Pellizzari (Red Bull-BORA-hansgrohe), Caruso (Bahrain Victorious), Eulalio, Gee (Israel Premier Tech), Rubio (Movistar) eta Poole (Picnic-PostNL). Guztira, Yatesek 25 segundo galdu ditu maglia arrosarekiko.

Giroko 17. etapa amaituta, Isaac Del Toro da sailkapen nagusiko liderra, Richard Carapaz da bigarren 41 segundora eta Simon Yates hirugarren liderrarekiko 51 segundora.

Etapako sailkapena

1 - DEL TORO Isaac (UAE) 3:58:48

2 - BARDET Romain (Picnic) + 0:04

3 - CARAPAZ Richard (EF Education) d. b.

4 - YATES Simon (Visma) + 0:15

5 - PELLIZZARI Giulio (Red Bull) + 0:16

6 - GEE Derek (Israel) d. b.

7 - CARUSO Damiano (Bahrain) d. b.

8 - RUBIO Einer (Movistar) d. b.

9 - POOLE Max (Picnic) d. b.

10 - EULALIO Afonso (Bahrain) + 0:56

Sailkapen nagusia

1 - DEL TORO Isaac (UAE) 65:30:34

2 - CARAPAZ Richard (EF Education) + 0:41

3 - YATES Simon (Visma) + 0:51

4 - GEE Derek (Israel) + 1:57

5 - CARUSO Damiano (Bahrain) + 3:06

6 - BERNAL Egan (INEOS) + 4:43

7 - PELLIZZARI Giulio (Red Bull) + 5:02

8 - RUBIO Einer (Movistar) + 6:09

9 - YATES Adam (UAE) + 7:45

10 - STORER Michael (Tudor) + 7:46

  • OSZAR »