Itxi

3. etapa

3. etapa

3. etapa

Itzulia Women

Demi Volleringek hirugarrenez irabazi du Itzulia, azken etapan indar erakustaldia eginda

G. P. A. | EITB MEDIA

Iaz bezala, txirrindulari herbeheretarra gailendu da Itzuliko azken etapan, Mendizorrotzeko igoeran ihes egin eta Donostian bakarka helmugaratuta. Mischa Bredewoldek eta Sarah Van Damek osatu dute Itzuliko podiuma.

  • Demi Vollering bakarka helmugaratu da Donostian. EFE

    Demi Vollering bakarka helmugaratu da Donostian. EFE

Demi Vollering (FDJ-Suez) txirrindulari herbeheretarrak hirugarrenez irabazi du Itzulia Women (bigarrenez jarraian), Donostian jokatu den azkeneko etapan indar erakustaldia emanda.

Horrenbestez, iazko gidoia errepikatu da 2025eko edizioan: Mischa Bredewoldek eraman du liderraren maillota lehendabiziko jardunaldietan, bitik bi garaipen lortuta, eta Vollering nagusitu da azkenekoan, etapa eta txapela bereganatuta. 

Emakumeen Euskal Herriko Itzulia lau aldiz jokatu da, eta Vollering gailendu da denetan, 2023ko edizioan izan ezik, orduan garaipena Marlen Reusser suitzarrak eskuratu baitzuen; txirrindulari herbeheretarra bigarren izan zen orduan.

Aurtengoan, Vollering eta Anna van der Breggen ziren faborito nagusiak, baina SD Worx taldeko txirrindulariak eroriko larria izan zuen lehendabiziko etapan, eta atzo etxerako bidea hartu behar izan zuen. Gaurkoan, berriz, beste baja garrantzitsu bat izan da: Liane Lippert Movistar taldeko txirrindulariak ez du azken etapan parte hartu, sailkapen nagusian bigarren tokian zegoen arren. 

Edonola ere, Mischa Bredewoldek maila oso ona eman du, eta Volleringek dena eman behar izan du, azken egunean etapa irabazi eta liderraren maillota eskuratzeko. Horrela, bada, lehia polita ikusi dugu Donostiako etapan.

Eguneko ihesaldia Sara Martin (Movistar) espainiarrak eta Celia Le Mouel (CERATIZIT) frantziarrak osatu dute. Orion harrapatu ditu tropelak, helmugarako 18 kilometro inguru falta zirenean.

Mugimendu erabakigarriak Mendizorrotzeko igoeran izan dira. Mendatearen hasieran, FJD-Suez taldeak erritmoa asko gogortu du, Volleringen mesedetan. Tropela luze-luze jarri dute, eta txirrindulariak, banaka-banaka, atzean geratuz joan dira.

Volleringek aurrera egin du, Mavi Garcia (Liv AlUla Jayco) eta Antonia Niedermaier (Canyon/Sram) txirrindulariekin batera. Bredewold sufritzen hasi da orduan, eta atzean geratu da, bere aurkari nagusiaren erritmoari eutsi ezinda. 

Mendatearen erdialdean, txirrindulari herbeheretarrak are gehiago bizkortu du erritmoa, eta berehala geratu da bakarrik lasterketaren buruan. Mendizorrotzeko gainean, minutu bateko aldea atera die aurkariei, eta, ezbeharrik izan ezean, poltsikoan zeukan garaipena.

Bakarka egin ditu azken kilometroak, eta helmugan sartu aurretik hasi da garaipena ospatzen. Gaur arte, Bredewold izan da onena, baina kolpe erabakigarria Volleringek eman du azken etapan. Argi utzi du Euskal Herrian gustura lehiatzen dela eta Itzulia bere lasterketa dela, orain arte jokatu diren lau edizioetako hiru irabazi baititu.

Podiumean, Bredewold herbeheretarra eta Sarah Van Dam kanadarra izan ditu ondoan Volleringek. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) izan da euskal txirrindularirik onena, 24. postuan sailkatuta.

ETAPAKO SAILKAPENA

1. VOLLERING Demi (FDJ-Suez) 2:55:35

2. VAN DAM Sarah (CERATIZIT) +0:55

3. GHEKIERE Justine (AG Insurance-Soudal d.b.

4. MUZIC Évita (FDJ-Suez) +0:58

5. DE JONG Thalita (Human Powered Health) d.b.

6. BREDEWOLD Mischa (SD Worx - Protime) d.b.

7. SPRATT Amanda (Lidl-Trek) d.b.

8. NIEDERMAIER Antonia (CANYON//SRAM) d.b.

9. GARCÍA Mavi (Liv AlUla Jayco) d.b.

10. MIERMONT Dilyxine (CERATIZIT) +1:17

SAILKAPEN NAGUSIA

1. VOLLERING Demi (FDJ-Suez) 9:55:44

2. BREDEWOLD Mischa (SD Worx-Protime) +0:48

3. VAN DAM Sarah (CERATIZIT) +1:01

4. GHEKIERE Justine (AG Insurance-Soudal) +1:03

5. DE JONG Thalita Human Powered Health) +1:10

6. SPRATT Amanda (Lidl-Trek) d.b.

7. GARCÍA Mavi (Liv AlUla Jayco) d.b.

8. NIEDERMAIER Antonia (CANYON//SRAM) d.b.

9. MUZIC Évita (FDJ-Suez) d.b.

10. MIERMONT Dilyxine (CERATIZIT) +1:27

  • OSZAR »