Txirrindularitza
Ardeetako triptikoa
Pogacar eta Evenepoel nor baino nor gehiago izango dira Lieja-Bastogne-Lieja lasterketan
EITB MEDIA
Denboraldiko laugarren monumentua igande honetan leihatuko da, eta lasterketa zuzenean eskainiko dugu, 13:00etatik aurrera, eitb.eus atarian eta ETB4n; eta 15:05ean, Euskal Telebistaren emanaldia ETB1era pasako da.
-
Tadej Pogacar garaipena eskuratzeko hautagai nagusietakoa da. Argazkia: EFE.
2025eko Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa igande honetan jokatuko da, eta Tadej Pogacar eta Remco Evenepoel dira lasterketa irabazteko faborito nagusiak; izan ere, azkeneko lau edizioetan bina garaipen berengatu dituzte batak zein besteak.
Liejan hasi eta amaituko den proba 1892an lehiatu zen aurrenekoz, eta, beraz, 111. edizioa izango da aurtengoa. Biharkoak 252 kilometroko ibilbidea izango du, eta txirrindulariek hamaika igoera puntuagarri gainditu beharko dituzte, tartean, ohikoak diren hainbat, Cote de Saint-Roch, Col du Rosier, Cote de La Redoute edo Cote de la Roche-aux-Faucons kasu.
Zaleek zuzenean ikusi ahalko dute lasterketa, 13:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB4n; 15:05ean, Euskal Telebistaren emanaldia ETB1era pasako da, eta eitb.eus-en aldaketarik gabe jarraituko du.
Milan-San Remo, Flandriako Itzulia eta Paris-Roubaix lasterketak eginda, denboraldiko laugarren monumentua da, eta, Amstel Gold Race eta Flèche Wallonne klasikoak amaituta, aurtengo Ardeetako Triptikoaren hirugarren eta azkena. Txirrindulariak 10:10ean abiatuko dira, eta antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak 16:07tik 16:43ra bitartean zeharkatzea helmugako pankartapetik.
Pentsatzeko modukoa da garaipena eskuratzeko lehia bizi-bizia izango dela, kontuan izanik parte hartuko dutela UAEko Tadej Pogacarrek, alegia, 2021eko eta 2024ko ekitaldietako irabazleak, eta Soudal Quick-Stepeko Remco Evenepoelek, 2022ko eta 2023ko garailea bera. Pogacarrek eta Evenepoelek, nolanahi ere, zenbait aurkari oso gogor izango dituzte aurrean; besteak beste, Marc Hirschi (Tudor), Ben O'Connor (Jayco-AlUla), Tom Pidcock (Q36.5) eta Alex Aranburu (Cofidis) eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorius) euskal ziklistak.
Emakumezkoen Lieja-Bastogne-Lieja, igandean ere
Igandean bertan, 2025eko emakumezkoen Lieja-Bastogne-Lieja lasterketa ere jokatuko dute, probako bederatzigarren ekitaldia. Ziklista parte-hartzaileak Bastognetik irtengo dira, 13:35ean, eta, 152,9 kilometroko ibilbidea eginda, Liejan amaituko dute lana; irabazleak, 17:40tik 18:07ra bitartean,
Egun WorldTourreko sailkapeneko lehenengo postuetan dabiltzan zenbait emakume izango dira proban; besteak beste, Demi Vollering (FDJ-Suez), Lotte Kopecky (SD Worx), Elisa Longo Borghini (UAE) edo Katarzyna Niewiadoma (Canyon). Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa ere arituko da.