Literatura
Maiatzak 23-25
Literaturak eskaintzen duen ihesbidea ospatuko du Literaturiak
N. V. | EITB Media
Maiatzaren 23tik 25era egingo dute Literaturia Zarautzen, aurten 'Ihes' lelopean. Liburu azoka, liburu aurkezpenak, elkarrizketak, eta musika, antzerki eta bertso emanaldiak bildu dituzte programan.
-
Tanttaka Teatroa konpainiak "Mundu pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez" taularatuko dku
Iritsi da Literaturia Zarauzko literatura topaldia. Maiatzaren 23tik 25era, "euskaraz sortutako edo euskara ekarritako" eta "herritik eta herrirako" egindako literaturari gorazarre egingo diote Gipuzkoako herrian, 2008tik 2014ra Larrabetzun, jaialdiaren kokaleku zaharrean, egin zuten bezala.
Ihes izango da aurtengo edizioaren leloa, norbera edo ingurukoak aurkitzeko ahalmena ez ezik, literaturak ihes egiteko bidea eman ere egiten duen oroigarri. Hiru egunerako, antzerkia, liburu azoka, liburu aurkezpenak, idazketa ikastaroa, musika, solasaldiak eta bertso saioa antolatu dituzte.
Ostiral arratsaldean abiatuko da jaialdia, Ander Lipus aktore eta antzerkigileak Modelo aretoan manifestua irakurrita, eta "Heriotzak Eduardo du izena" Formol Laborategiak Munduko Poesia Kaierak poesia bilduma ezinbestekoan oinarrituta egin duen antzezlana taularatuko dute gero.
Larunbatean, liburu azoka egongo da, 11:30ean hasi eta 20:00ak arte, baita liburu aurkezpenak ere, ordutegi berean. Oier Guillanek idazketa ikastaro bat emango die 12 eta 16 urteko haurrei, eta Garoa liburu denda omenduko dute.
Gainera, Iñigo Astiz idazleak eta Eñaut Elorrieta musikariak Enplego zoriontsuago bat ikuskizuna (18:00, Modelo aretoa, 5 euro) eskainiko dute, Gabriel Arestiren poemetan oinarrituta, eta Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariek "bertso saio espekulatiboa" egingo dute (22:00, Modelo aretoa, 8 euro).
Igandean, Santa Klara komentuko elizak Arantxa Urretabizkaia, Garbiñe Ubeda eta Olaia Inziarte hartuko ditu "Ihes betea zilegi balitz" ikuskizunean, eta arratsaldean Tanttaka teatroa konpainiak "Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez" oholtzaratuko du (16:45, Modelo aretoa, 4,5 euro).