Literatura
Biografia
Bizenta Mogel, "zigor zaurigarriaren beldur" izan ez zen idazlea
Natxo Velez | EITB Media
Ekainaren 5ean, "Ipuin onak" Bizenta Mogelen liburua irakurriko dute Arriaga antzokian, Klasikoen XVIII. Irakurketa Jarraituan. Euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartu izan da Bizenta, Joan Antonio Mogel "Peru Abarka"ren egilearen iloba.
-
Bizenta Mogel Durangoko liburutegiaren kanpoaldeko plaka
Ipuin onak (Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euskaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vizitza zucentzeco) Bizenta Antonia Mogel Elgezabal idazlearen (Azkoitia, 1782 – Abando, 1854) liburua, alegia bilduma, aukeratu du Bilbo Zaharra euskaltegiak ekainaren 5ean, ostegunarekin, egingo duten Klasikoen XVIII. Irakurketa Jarraituko irakurgai gisa. Baina zer dakigu lan horri eta idazle bidegile hari buruz?
Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen, 1782an, baina ume zela aita hil eta Markinara aldatu zen Joan Jose nebarekin batera, Joan Antonio osabaren zaintzapean haztera. Horrek, noski, bide jakin batera lerratu zuen Bizentaren bizitza, Joan Antonio Mogel apaiza eta idazlea baitzen, Peru Abarka Maisu Juanen eta Peru Abarkaren arteko sei elkarrizketek jositako liburu mugarriaren egilea; Bizenta eta Joan Jose neba-arrebek latina ikasi eta literatura klasikoa jaso zuten haren eskutik.
Gazte ikastun eta liburuzalea izan zen Bizenta Mogel, Jabier Kalzakorta euskaltzain, ikertzaile eta irakasleak "Bidegileak" ezinbesteko bildumarako jaso zituen adierazpen hauetan azaldu zuen bezala: "Zortzi urte nituenean ekusirik nere neba, edo anaia ikasten asi zala gure osabarekin latiñezko izkera, jarri zitzatan buruan ikasi bear nuela nik ere. Ala, buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, ta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela irten nuen nere asmoarekin".
Emakume batentzat ez zen, noski, erraza izan orduan liburu bat argitaratzeko dema, eta Mogelek berak oztopo horien berri eman zuen Ipuin onak liburuaren sarreran: "Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea".
Oinarri intelektual hori jasota eta oztopoak oztopo, 22 urte besterik ez zuela abiatu zuen Bizenta Mogelek euskal literatura idatzi eta argitaratuaren bidea emakumeentzat. Adin horretan argitaratu zuen, 1804an, Ipuin onak, Esoporen prosazko berrogeita hamar alegia euskaratu eta Joan Antonio Mogelen hitz neurtuzko zortzi alegia biltzen dituen lana.

'Ipui onac'
Gainera, Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819) kantutegia bildu zuen, eta Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) euskaratu zuen Bizenta Mogelek.
Ipuin onak Gipuzkoako euskaran idatzi zuen nagusiki Mogelek, aurreko "batua" hori baitzen, eta gabon kantak, berriz, bizkaieraz.
Estimuan da Bizenta Mogelen lana, osteguneko irakurraldiak agerian utziko duenez, esker onez hartua da alegia bildumaren sarreran hitz hauek idatzi zituen idazlearen ahalegina: "Arbezate bada Euskaldunak, neskatxa gazte baten emaitza, edo presente au. Gauza onik badago, esan dezatela iñorena dala, ez nerea; okerrik badakuste egotzi nere gañera; berdin arteak ez du emango sagarrik. Agur onenbesterekin".