Itxi

Zinema

CANNES

Jafar Panahi irandarraren "Un simple accident" filmak irabazi du Cannesko 78. Zinemaldiko Urrezko Palma

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zinemagile irandarrak hainbat urte eman ditu espetxean erregimenaren aurka egiteagatik, eta oso hunkituta agertu da saria jasotzean. Oliver Laxe zuzendari galiziarrak eskuratu du epaimahaiaren saria "Sirat" filmarengatik, "Sound of Falling"ekin 'ex aequo'.

  • Jafar Panahi saria eskuetan duela. Argazkia: EFE

    Jafar Panahi saria eskuetan duela. Argazkia: EFE

Jafar Panahi disidente irandarraren "Un simple accident" filmak irabazi du larunbat honetan Cannesko 78. Zinemaldiko Urrezko Palma, eta Grand Auditorium Louis Lumiere auditorioak, zutik, txaloka hartu du Panahi, saria jasotzera joan denean.

Hunkituta, bere besaulkian iltzatuta bezala geratu da hasieran, altxatu ezinik, eta behin eszenatokian, hunkituta agertu da. "Benetan zaila da hitz egitea", esan du. 15 urtez bere herrialdetik irten ezinik egon ondoren iritsi da Cannesera; izan ere, kartzela-zigorra ezarri zioten 2010ean, "segurtasun nazionalaren aurkako bilera eta kolusioagatik" eta Irango Errepublika Islamikoaren "sistemaren aurkako propaganda egiteagatik".

Fidantzapean atera ondoren, 2022ko uztailean berriro atxilotu zuten, Mohamad Rasoulof eta Mostafa Ale Ahmad zinemagileen atxiloketagatik protesta egiteagatik, eta 2023ko otsailera arte espetxeratu zuten.

"Ezinezkoa zatekeen film hau egitea talde konprometitu bategatik izan ez balitz", esan du Panahik, eta "mundu guztiari, iritzi desberdinak dituzten irandar guztiei eta mundu guztiari" eskatu die desberdintasunak alde batera uzteko, "garrantzitsuena gure herrialdea delako eta gure herrialdearen askatasuna delako". 

"Iritsiko da momentua inork ez diguna esango zer jantzi behar den, zer esan behar den edo zer ez den egin behar", adierazi du, itxaropenez.

Berarekin batera oholtzan ziren aktoreek (Vahid Mobasseri, Mariam Afshari, Ebrahim Azizi eta Majid Panahi) ezin izan diete malkoei eutsi zuzendariaren hitzak entzuten ari ziren bitartean.

Jafar Panahi y el elenco de actores de la película. Foto: EFE

Jafar Panahi eta bere filmeko aktoreak. Argazkia: EFE

Oliver Laxe zuzendari galiziarrak irabazi du Cannesko Epaimahaiaren saria "Sirat" filmarengatik

Bestalde, Oliver Laxe zuzendari galiziarrak irabazi du Cannesko Zinemaldiko Epaimahaiaren saria, "Sirat" filmarengatik, Mascha Shilinzki zuzendari alemaniarraren "Sound of Falling" filmarekin 'ex aequo'.

Laxeren filma faboritoetako bat zen. Gizon bat (Sergi Lopez) eta bere semea (Bruno Nuñez) Maroko hegoaldeko mendigune batean galdutako 'rave' batera nola iristen diren kontatzen du. Duela hilabete batzuk Mar izeneko alaba horrelako batean desagertu zen, eta haren bila ari joango dira.

Jaialdiaren amaiera ekitaldia normaltasunez egin da, gaur goizean Cannesen izan den itzalaldiaren eraginik gabe.

PALMARESA

- Urrezko Palma: "Un simple accident" (Jafar Panahi).

- Sari Nagusia: "Sentimental Value" (Joachim Trier).

- Zuzendari onenaren saria: Kleber Mendonça Filho, "O agente secreto" (Agente secreto).

- Gidoi onenaren saria: Jean-Pierre eta Luc Dardenne ("Jeunes mères").

- Epaimahaiaren exaequo saria: "Sirat" (Oliver Laxe) eta "Sound of Falling" (Mascha Schilinski).

- Emakumezko aktore onenaren saria: Nadia Melliti ("La petite dernière").

- Gizonezko aktore onenaren saria: Wagner Moura ("O agente secreto").

- Epaimahaiaren Sari Berezia: "Resurrection" (Bi Gan).

- Opera prima onenaren urrezko kamera: Hasan Hadiren "The President's Cake".

- Opera primaren aipamen berezia: "My Father's Shadow", Akinola Davies Jr.

- Film labur onenaren Urrezko Palma: "I'm Glad You're dead Now" (Tawfeek Barhom).

  • OSZAR »